Ahaztuta izango ote du?
Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Txirrin-txirrin! Esnatzeko garaia zela ari zen mugikorra adierazten behin eta berriz bere soinu ozenarekin. Larunbata zen, goizeko 7:15ak. Kostata, baina altxatu nintzen. Hobe bi aldiz pentsatu gabe. Sukaldera joan nintzen. Kafea egiten jarri eta bitartean baso bat ur edan nuen. Ondoren, esperoan, prentsa irakurtzen hasi nintzen. Kafe egin berriaren usaina etxe guztirantz zabaldu aurretik sukaldeko atea itxi nuen, inor esnatu ez zedin. Katilua bete eta balkoira atera nintzen eguneko berriak irakurtzen jarraitzeko. Plazer momentu txiki bat. Ederra. Hala ere, asko ezin nintzen luzatu 8:00etan geratua bainengoen.
Larunbatero legez, anaiarekin eta Unai Arratibelekin gure jergan diogun moduan «trote kotxinero» egitera abiatu nintzen. Beste gairik ez genuen. Beno, ez zuen. Handik eta hemendik, goitik eta behetik: Realaren Errege Kopako finala. Anaia eta biok realzaleak gara. Dena den, zalantzarik gabe, Unairen erdira ere ez gara heltzen. Oso bixi ez gindoazenez, Unai hitz eta pitz, ez zen isiltzen, esaldietan kolore txuri-urdina nabarmenduz.
Halako batean, zast bota zuen: «Tira ba, finala irabaziko bagenu zerbait berezia egingo genuke?». Eta aurreko esaldia bukatu aurretik, ondorengoa bota zuen bere emozioak kontrolatu ezinik: «Joango ginateke Ordiziatik Anoeta estadioraino korrika?». Anaiak eta biok elkarri begiratu, eta barrezka hasi ginen. Unairen ideia hark Emaneurre taldeak izan ohi dituen ideia zoro horiek gogorarazi zizkidan.
1964ko ekainaren 7an maratoiko Espainiako txapelketa Itsasondo eta Donostia artean jokatu zen. Hainbat lekutan begiratzen aritu naiz eta ez dut aurkitu egin zuten ibilbidea. Bertako batzuek diotenez irteera Ibares inguruan zen. Norbaitek jakingo balu gustura egingo nuke hitz berarekin. Irabazlea Miguel Navarro Palos bartzelonarra izan zen, 2 ordu, 34 minutu eta 3 segundorekin. Marka itzela. Beste lau Espainiako txapelketa ere lortu zituen distantzi berdinean eta 1960ko Erromako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, besteak beste.
Apirilaren 18an Errege Kopako finala ikustean, bi desio kontraesan nituen: alde batetik, euskaldunok irabaztea nahi nuen, eta bestetik, galtzea, Unairen ideia zoro hori ez gauzatzeko. Partidan gertatu zenaz jakitun, kalean Unai urrutira ikusiz gero ez ikusiarena egin beharko dut denbora batean, ea esandakoa ahazten zaion. Gaur arte lortu dut topo ez egitea. Noiz arte? ■
