Hego Amerikan dabilen legazpiarra
Brasilen barrena dabil Maialen Agirreburualde Lete (Legazpi, 1998), eta oraingoz ez dauka Euskal Herrira itzultzeko datarik. Argentinara eta Boliviara bidaiatuko du ondoren. Bakarrik dabil bidaian, eta bidaiatzeko modu berria aurkitu du.
Brasilgo ipar-ekialdeko inguruan barrena bidaiatzen dabil azken hilabeteotan Maialen Agirreburualde Lete legazpiarra. Ez da Hego Amerikan egin duen aurreneko geldialdia: aurretik Bolivian, Kolonbian eta Perun ere izan da.
Oraingoz, behintzat, ez dauka Euskal Herrira itzultzeko asmorik, ez datarik, eta erabaki horretan aurkitu du askatasuna: «Kolonbiara joan nintzenean banekien bueltatu behar nuela, lanean hasi behar nuelako; dataren muga horrek presionatu egiten zaitu». Oraingoan, ordea, beste logika bati heldu dio: «Nekatzen naizenean edo aurrezkiak gastatzen zaizkidanean bueltatuko naiz». Bietako bat gertatu arte jarraituko du bidaiatzen; Brasilgo egonaldia amaitutakoan Argentina iparraldera joango da, eta handik Boliviara.
Urtebete igaro da Euskal Herritik joan zenetik, nahiz eta tarte horretan Legazpin ere egin duen geldialdirik. Guztira, zortzi hilabete inguru daramatza bidaiatzen, eta azken bi hilabete eta erdiak pasa ditu Brasilen. Bakarrik ari da herrialdea ezagutzen, eta han aurkitu du aspaldian bilatzen ari zen erritmoa: lasaitasunez zein arintasunez bizitzeko modua eta norberarekin egoteko leku berria.
Aspaldi hasitako bidaia
Bidaia hori, beraz, ez zen egun batetik bestera erabakitako jauzia izan. Aspaldiko desioa zuen; unibertsitate garaian hasi zen mundua ezagutzeko ametsa eraikitzen, baina pandemiak eten egin zuen hasierako plana. Ondoren etorri ziren masterra eta lan mundua, baina tarteko aukera batek aldatu zuen norabidea: Eusko Jaurlaritzaren Gazteak Lankidetzan programak. Horren bidez iritsi zen Perura; hiru hilabete igaro zuen han, eskola batean lanean, eta esperientzia hark sakon markatu zuen legazpiarra: «Bidaiatzeko gogoa piztu zitzaidan». Ondoren heldu zen Kolonbiara joateko aukera. Hasieran lagun batekin egiteko asmoa bazuen ere, azkenean bakarrik abiatu zen. Hura izan zen aurreneko bidaia bakarlaria. «Beldurra nuen, baina ez nuen nahi beldur horrek nire ametsa blokeatzerik», onartu du.
Hilabete eta erdi baino gehiago pasatu zuen herrialdean barrena, eta onartu du orduan hasi zitzaizkiola Brasilera joateko aukerak agertzen: «Ezagutzen nituen bidaiari asko Brasildik zetozen edo hara zihoazen; gehien errepikatzen zitzaidan herrialdea zen». Kuriositate horrek erakarri zuen azkenean.
Natura eta lasaitasuna
Gaur egun, Vale do Capão herrian dago. Naturak markatzen du bere egunerokoa: mendiak, ur-jauziak eta basoak, baina batez ere, mugimendu etengabeak. «Astetik astera lekuz aldatzen ari naiz; hilabete berean lau toki ezberdin ezagutu ditut», azaldu du.
Ez dauka errutina finkorik: goizak ingurua ezagutzeari eta paraje berriak ezagutzeari eskaintzen dizkio. Mendi ibilaldiak, ur-jauzietarako bideak eta natura betean igarotako orduak bihurtu dira bere egunerokoaren parte; zonaldearen arabera, baita hondartza ere –batzuetan kostaldean egiten duelako egonaldia–. Arratsaldeak, berriz, bestelako lasaitasun batez hartzen ditu: irakurtzea, idaztea eta hostaletako bidaiariekin zein bertako jendearekin sozializatzea dira lehentasun nagusienak.
Bakarrik bidaiatzen ari da, baina ez du bakardadea modu dramatikoan bizi. Kontrara, bidaiaren alde natural gisa ulertzen du: «Hostaletan bidaiari asko dago bakarrik mugitzen dena, eta jendearekin egon nahi baduzu, oso erraza da bertako jendearekin harremanak sortzea». Kolonbian izan zenean, esaterako, zailagoa suertatu zitzaion jendea ezagutzea, denboraldi ez turistikoan bidaiatu zuelako. «Hamabost oheko logela batean ni bakarrik egoten nintzen». Brasilen, ordea, kontrakoa gertatu zaio: bidaiari komunitate handia aurkitu du. Euskaldun bat ere ezagutu du bertan, eta berarekin ere egin izan ditu planak, noiz edo noiz.
Gizatasuna eta arintasuna
Brasilgo jendeaz hitz egiterakoan, ideia bera errepikatzen du behin eta berriz: bizitzeko duten arintasuna. Erromantizismoan erori gabe, aitortu du herrialdeak baduela bereziki harrapatu duen zerbait: «Iruditzen zait oso herrialde borrokalaria izan dela, eta horrek erakutsi diela zailtasunei beste lasaitasun batekin aurre egiten. Arintasun berezi bat dago egunerokoan». Herrialdearen beraren historiarekin lotzen du sentipen hori.
Arintasun hori da, agian, gehien harrapatu duena. «Energia oso indartsua eta bibra natural ikaragarria dute esperientziak bizitzerakoan», adierazi du. Hain justu, indar eta arintasun hori «inspirazio iturri» dira legazpiarrarentzat.
Horrek ez du esan nahi, ordea, Euskal Herria, Legazpi eta bere ohiko egunerokotasunaren faltarik sumatzen ez dituenik. Izan ere, etengabeko mugimenduak askatasuna dakarren eran, etxearen goxotasuna duen toki finkorik ez izateko sentsazioa ere ekartzen du tarteka: «Batzuetan zera pentsatzen dut: zein gustura geldituko nintzatekeen toki finko batean, etxe sentipen goxoarekin».
Hala eta guztiz ere, bidean aurkitu duen gizatasunak oreka ematen diola nabarmendu du. Brasildarrei buruz hitz egiterakoan, ideia bera errepikatu du behin eta berriro: eskuzabaltasuna. «Oso pertsona ospitalarioak dira».
Norbera berriz aurkitzea
Bidaia hori bere garapen pertsonalean ere laguntzen ari zaiola azpimarratu du: «Pertsonalki asko ikasten ari naiz; munduko jende oso ezberdina ezagutzen ari naiz eta asko ireki nau horrek». Bakarrik bidaiatzeak eguneroko erosotasunetik ateratzera behartzen du pertsona, eta horrek, aldi berean, «ikaskuntza handiak» dakartzala dio. Gauza materialekiko loturatik urruntzen lagundu dio esperientziak Agirreburualderi: «Desatxikimendua ikasten ari naiz, lehen ezinbestekoak zitzaizkidan hainbat gauza uste bezain beharrezkoak ez direla konturatu naiz».
Etorkizunari dagokionez, ez dauka plan itxirik. Brasilgo egonaldian hiru hilabete beteko ditu aurki, eta hori amaitutaikoan, Argentina iparraldera joango da. Handik, berriz, Boliviara. Herrialde horrek esanahi berezia du legazpiarrarentzat: duela zortzi urte ezagutu zuen aurreneko aldiz, Psikologia ikasketak amaitzen ari zenean, Erasmus programari esker, eta sei hilabete igaro zituen han bizitzen.
Oraingoan, baina, beste begirada batekin itzuliko da: «Bolivia zenbat aldatu den ikusi nahi dut, eta bide batez, bertako ezagun batzuk bisitatu. Bolivia dut helmuga». Horixe da legazpiarrarentzat bidaiatzearen benetako ardatza ere: mundua ezagutzera abiatu, eta, bidean, norbera berriz aurkitzea. ■
