«Xakeak laguntzen du ikasteko ohitura onak hartzen»
Euskadiko xake txapeldunordea Goierrikoa da: Asier Lakuntza Plazaola (Ordizia, 1989). Titulu hori Legazpin irabazi berri du, bertako Santikutz klubak antolatuta apirilaren 9tik 12ra jokatutako Euskadiko txapelketan. Lakuntza ordiziarra da, baina Beasaingo Alfil klubeko kidea da.
Bigarren urtez jarraian zara Euskadiko txapeldunorde.
Bai, iaz ere lortu nuen titulua, hura ere Legazpin. Aurretik ere parte hartutakoa naiz Euskadiko txapelketan, Legazpin duela bi urte, Getxon (Bizkaia) jokatu zenean ere bai, eta aspaldi, 20 urte nituela ere bai. Aurtengo Euskadiko txapelketara iaz Gipuzkoakoa irabazita iritsi naiz.
Nolako txapelketa izaten da?
Euskadikoa oso txapelketa gogorra da. Euskadiko jokalari indartsuenek parte hartzen dute, eta horrek esan nahi du xakeko Maisu tituluak dituztenak direla batzuk, hau da, xakean maila adierazten duen Elo puntuazio altukoak direla.
Zu ere gertu zaude Maisu titulutik.
Hiru kategoria daude. Batetik, Maisu Handia dago, eta hori lortzeko behar diren 2.500 puntuetatik oso urruti nago. Nazioarteko Maisu izateko 2.400 puntu behar dira eta dezente urruti nago, eta FIDE Maisu izatetik gertu nago, baina oraindik azkeneko saltoa falta zait iristeko, eta horixe da zailena. Orain 2.240 puntu dauzkat, eta 2.300 behar dira.
Zu baino maila altuagokoen aurretik bukatu zenuen Euskadikoan.
Hogei lehiakideetatik bederatzigarrena nengoen ni rankingean, eta nire aurretik zeudenetatik sei 2.300 Elo puntutik gorakoak ziren, eta gehien zituenak 2.465 zituen. Alde handia ez da, baina oso adierazgarria. Eta horietako batzuen aurretik bukatu izana ohore handia da, ondo jokatzen ari naizela esan nahi du.
Nola ikusi zenuen zeure burua?
Nik uste dut nahiko ondo jokatu dudala aurten. Nahiko posizio onak lortu nituen [posizioa une jakin batean taularen gainean piezek duten kokapen zehatza da, zein pieza dauden jokoan eta une horretan zein diren mugimendu posibleak adierazten duena, hau da, abantaila nork duen], eta hori inportantea da, posizio txar bat duzunean galtzeko aukera dagoelako. Zazpi partidetatik bat galdu nuen, bi berdindu eta lau irabazi nituen.
Antolaketa nolakoa izan zen?
Oso ona. Hiru urte daramate Legazpin Euskadiko txapelketa hau antolatzen, eta oso ondo egiten du Santikutz klubak. Agirre-Etxeberriko lokala ere erosoa da, aukera izaten duzu partidak amaitzean analisiak egiteko, oso ondo tratatzen gaituzte… eta Legazpi ezagutzeko aukera ere eskaintzen digute, urtero antolatzen dituztelako bisitak. Txapelketa paraleloak ere egiten dira, umeena eta gauekoa. Giro polita egoten da xakearen inguruan egun horietan. Publikoa ere hurbiltzen da partidak ikustera, xakelariak normalean, eta internet bidez ere jarraitu daitezke partidak. Oso ondo dago guztia.
Zer behar da horrelako txapelketa batean bigarrena izateko?
Zorte puntu bat behar da, eta ondo jokatzea, noski. Partidetan ateratzen diren posizioak zure gustukoak diren eta ondo moldatzen zaren ere garrantzitsua da. Aurkariak asmatzen duen ala ez ere oso inportantea da. Zuk partida txarra egiten baduzu, baina aurkaria oso fin ez badabil, agian partida irabaziko duzu.
Nola zabiltza azken emaitzen ondoren?
Azkeneko urteetan nahiko fin nabil. Egia da inoiz baino txapelketa gehiago ari naizela jokatzen, urtean sei inguru orain, eta horrek forman mantentzen nauela.
Maila altuko txapelketak izango dira.
Bai, txapelketa ofizialez ari naiz, eta horietan bai, oso maila altuko jokalariak ibiltzen dira. Gipuzkoako txapelketan, adibidez, 2.200 Elo ingurukoak dira onenak. Baina badira maila altuagoko txapelketak oraindik, Benasqueko Irekia bezala (Huesca, Espainia). Horretan 500 partaide izaten dira, eta batzuk munduko elitetik gertu daude. Azkeneko edizioan ehungarrenaren inguruan nengoen kokatuta. Horrelako txapelketatan oso jende onaren kontra jokatzen duzu, baina tokatu daiteke baita ere jende gaztearen aurka jokatzea, fuerte datozenen kontra, eta horiek arriskutsuak izaten dira.
Txapelketa horietan lortzen dituzu Elo puntuak?
Txapelketa ofizial guztietan, baita irekietan ere. Ligako partidetan ere lortu daitezke puntuak.
Puntuak lortzea al da zure helburua?
Xakean ondo pasatzeko jokatzen dut. Emaitza onak ditudanean pozten naiz, baina ez ditudanean ere ez da ezer gertatzen. Azken finean, ez naiz jokalari profesionala, hau zaletasun bat da.
Maila altuko jokalarien kontra arituta, ikasten al da?
Bai, baina nik uste dut gehiago ikasten dela etxean, liburuekin eta zeure kabuz. Jokatzearekin lortzen duzuna da sasoi onean mantentzea. Pentsatu egin behar da, kalkulatu egin behar da, taktikak garatu behar dira, eta zentzu horretan, zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta ohitura gehiago izango duzu kalkulatzeko, eta ondorioz, akats gutxiago egiten dituzu. Hobeto jokatzea lortzen duzu horrela, eta ez maila teoriko altuagoa duzulako.
Titulu honen ondoren, zeren bila joango zara orain?
Ni ez noa txapelketa edo tituluen bila, parte hartzea da niretzat garrantzitsua. Eta aurten seguru asko jokatuko ditut pare bat txapelketa ireki, posible bada Benasquekoa, oporretan. Udan lagun talde batek bidaia egin ohi dugu, xake txapelketaren batean jokatzeko. Azken urteetan Granadan, Andorran, Vienan edota Rigan izan gara. Xakean jokatzeko eta inguruak ezagutzeko bidaiak dira.
Lagun kuadrilla berezia izango da…
Bai, xakeko kuadrilla da. Azken urteetan urtero egiten dugu bidaia bat. Eta xake txapelketako egunez aparte, tokiak bisitatzeko ere baliatzen dugu.
Nola iristen da bat horrelako mailako xake jokalari izatera? Nola hasi zinen xakean?
Txikitan, etxean, aitak erakutsita hasieran. Gero eskolan jarraitu nuen, eta Alfil elkartera iritsi nintzen azkenik.
Oraindik Alfilekin jarraitzen duzu.
Bai. Alfilekin nago federatuta, eta Alfilekin jokatzen dut taldekako liga. Euskadiko Lehenengo Mailan gaude. Taldean hamar lagun gaude, baina launaka txandakatzen joaten gara, ez gara beti berak joaten. Lauretatik, bakoitzak bere partida jokatzen du, eta partida bakoitzean lortutako puntu guztiak batu egiten dira.
Nola dago xakea Goierrin?
Badaude elkarte batzuk. Beasaingo Alfilez gain, Legazpin Santikutz kluba dago, Urretxun Goierri, eta Idiazabalen eta Lazkaon egon izan dira. Ez nuke esango gutxi direnik. Gainera, gertuko herrietan ere badaude klubak. Beti dago jokatzeko aukera. Eskola Kirolak ere eskaintzen du xakea, Beasainen behintzat, La Salle ikastetxearen bidez.
Nolako harrera du haurren artean?
Ni ez nago oso sartuta mundu horretan, baina esango nuke nahikoa interes badagoela. Orokorrean ere, jendea etortzen da galdezka, gure klubera behintzat.
Zenbat lagun ditu gaur Alfilek?
Jokatzen dug
unak, une honetan, 15 bat gara, baina taldean jokalari gehiago daude. Gurea klub irekia da, eta larunbatetan elkartzen gara, geure artean jokatzeko eta datozenei erakusteko. Beasaingo festetako txapelketa ere antolatzen dugu.
Zer baldintza behar dira xakerako?
Adi egon behar duzu, eta ondo kalkulatu behar dituzu gauzak, huts egiten baduzu partida gal dezakezulako. Baina aurretik ikasi egin behar duzu zure kabuz, liburuekin, irekierak adibidez, eta jokatzen dituzun partidak errepasatu, zein posizio egin duzun, eta akatsak egiten dituzunean zergatiak bilatu. Amaierak ere ikasi behar dira, taulan pieza gutxi daudenean patroi asko errepikatzen direlako eta horiek ezagutzea garrantzitsua delako. Baina ikasteaz gain, aktibo egotea ere inportantea da, konstantea izatea; entrenatzea, azken finean.
Zu matematikaria zara ikasketaz. Badu harremanik horrek xakearekin?
Matematiken karrera ikasi nuen, eta gero Algebra, Geometria eta Zenbaki Teoria masterra egin nuen Frantzian eta Italian, eta orain irakaslea naiz UGLEn. Xakean kalkulua egiten dugunez, alde horretatik badu harreman bat matematikarekin, nahiz eta behin karrera amaitutakoan kalkulu gutxi egiten diren. Arrazoiketen aldetik ere badu harremana, xakean inportanteak direlako: jokaldi bat zergatik egiten den, ematen diren pausoak ulertzea, eta ez bakarrik jokaldiak memorizatzea. Nik xakea ariketa bat balitz bezala ikusten dut, jendeak gustura egiten duena, eta hainbat onura dituena.
Zein onura?
Xakeak laguntzen die gazteei, batez ere, pentsatzen jartzera eta lan egitera, baina lan egin nahi dutelako, ez behartuta daudelako, irabaztea delako saria. Eta nire ustez laguntzen du, baita ere, ohitura onak edukitzen, arrazoiketak egiten jakiten… Motibazioa aurkitzen dute, eta jokatzen ikasten, ikasi egiten dute.
Animatzen dituzu gazteak xakean jokatzera?
Bai, eta batez ere gurasoak, euren seme-alabei aukera bat ematen ikas dezaten. Xakeak lagunduko die ikasteko ohitura onak hartzen. Xakean ikasteko liburu bat hartu eta euren kasa jokatzen hasiko dira, eta materiala bilatu beharko dute, jokoa nola hobetu ikasteko. Ikasketa prozesu hutsa da, eskolarako oso baliagarria izan daitekeena.
Emakume gutxi dago xakean.
Bai, gutxi daude. Euskadiko txapelketan batek bakarrik parte hartu zuen. Gaztetan hasten dira dezente, baina gero askok utzi egiten dute beste kirol bat egiteko, edo beste arrazoi batzuengatik, eta orduan da neska gehienek uzten duten unea.
Xakea, irakaskuntza… Baduzu afizioetarako denborarik?
Xakea ere afizioa da niretzat. Baina hortik aparte, bizikletan ibiltzea gustatzen zait. Orain, uda datorrenean, helduko diot berriz ere.
Denbora asko ematen diozu xakeari?
Gehiegi ez. Urtean sei txapelketa egiten ditut, eta bakoitzean bederatzi erronda edo partida daude. Partidak prestatu egin behar dira, eta bat prestatzeko arratsalde bat har dezaket, aurkariaren arabera.
Internetez ere jokatzen duzu?
Bai, chess.com eta lichess.org plataformen biez. Lehenak harpidetzaren bidez funtzionatzen du, baina Liches irekia da, dohainekoa, eta gauza asko eskaintzen ditu. Niri gehiago gustatzen zait, filosofiagatik: doakoa da, edozeini ematen dio aukera hasteko, ematen dizun guztia libre ematen dizu kontua irekitzen duzun momentutik, eta ez dizute ezer eskatze trukean. Asko bultzatzen du xakea, eta ondo dator, federatu gabe ere joka dezakezulako. Hasteko leku polita da.
Xakean jokatzeko, federatuta egon behar da?
Bai, beste kiroletan bezala, jokatu nahi baduzu lizentzia atera beharra dago, federazioak berak antolatzen dituen txapelketetarako, eta irekietarako ere bai. Elo puntuazioa lortzeko ere ezinbestekoa da.
Xake klasikoa, partida azkarrak… zuri zer gustatzen zaizu gehien?
Txapelketetako partidak edo guk klasikoak deitzen ditugunak luzeak dira, 3-4 ordukoak, eta nik horiek ditut nahiago, kalitate hobeagokoak direlako, nahiz eta aldi berean oso nekagarriak ere badiren. Baina motzak edo azkarrak ere jokatzen ditut, dibertitzeko batez ere. Jaietan egiten dira batez ere horietakoak, ordu erdi inguruko iraupenarekin, eta ez dute kontabilizatzen puntuazio ofizialerako. Badaude Blitz partidak ere, 6-10 minutukoak.
Xake jokalari profesionalak ere badira. Zertan da profesionalismoa?
Munduko elitea dira, eta torneo bat jokatzeagatik bakarrik dirua irabazten dute, sailkapena kontuan hartu gabe. Magnus Carlsel da horietako bat. Munduko txapelduna da. Maila horretan oso gutxi dabiltza. Xakean jokatzetik bakarrik bizitzea oso-oso zaila da. ■
Txikitatik datorkion afizioa
«Ni txikitan hasi nintzen xakean jokatzen, etxean. Aitak erakutsi zidan piezak mugitzen. Gero, udako ikastaroetan ibili nintzen, eta han klaseak ematen zituen Alfil elkarteko kide batek esan zidan lokaletik pasatzeko». Ume garai haietako irudia aukeratu du Asier Lakuntzak argazki kuttun gisa.
Horrela hasi zen xakean, eta poliki-poliki joan zen kadeteetan, jubeniletan… «Nik uste dut serio jokatzen kadeteetan hasi nintzela». Baina 20 urterekin kanpora joan zen ikastera, unibertsitatera lehenik, Danimarkara gero Erasmus egitera, eta Frantziara eta Italiara masterra osatzera. «Beste lehentasun batzuk» zituen orduan, eta xakea alboratu egin zuen. 2015era arte ez zion berriz heldu. «Jokatzen hasi eta gustua hartu nion berriz ere». Eta orain arte. Nahiko aktibo dabil azken garai hauetan.
Xakean jokatzea gustuko duela dio Lakuntzak, eta horregatik hasi zela txikitan ere. «Gainera, etxean ikusi nuen aitari irabazteko gai nintzela…». Txapelketetan parte hartzea ere gustatzen zaio, eta irabazi ere egin ditu batzuk, beti ezin delako. «Batzuetan irabazi egiten da, eta besteetan ikasi. Hori da gure filosofia».

