«Harrobiarekin lan egitea da gehiena gustatzen zaidana»
Azken bi urteetan Altzagan bizi bada ere, garbi utzi nahi izan du Mikel Gaztañagak (Itsasondo, 1979) bizitza bere jaioterrian egiten duela. Txirrindulari profesionala izana –zortzi garaipen lortu zituen maila gorenean–, gaur egun Euskadi Fundazioko afizionatu taldeko arduraduna da. Badaramatza urte batzuk Fundazio barruan zuzendari lanak egiten, afizionatu mailan zein profesionaletan Euskaltel taldearekin. «Azken 3 urteetan harrobiarekin ari naiz, eta hori da gehiena gustatzen zaidana». Bere lana formakuntza da. «18-22 urteko txirrindulariei ahal den prestakuntza onena ematen saiatzen gara. Gure taldera datozen txirrindulariak maila onekoak izaten dira eta, prestatuta daudenean, onenei profesionaletara salto egiteko aukera ematen zaie, normalean Euskaltel taldera». Euskal txirrindularitzaren etorkizuna ez du erraza ikusten: «Lan handia egiten da, baina, euskal taldeek oso aurrekontu txikia dute, eta nahikoa egiten dute World Tour taldeen kontra euren burua erakustearekin».
Gaztañaga profesionala izan zenean oso bestelakoa zen txirrindularitza, eta garai haietatik oroitzapen on asko ditu. «Talde ezberdinetako lagun asko dauzkat oraindik. Txirrindularitzaren mundua, nahiz eta handia ematen duen, txikia da, eta gehienek ezagutzen dugu elkar». Hala ere urterik gustukoenak afizionatu mailakoak izan zirela dio, «lagunak, garaipenak, entrenamenduak… Behin profesionaletara igota, gauzak askoz ere zorrotzagoak ziren, eta momentu batzuetan ez nuen hainbeste disfrutatu. Orain dena aldatu da, oso profesionalizatuta dago jubeniletatik hasita, eta nik uste dut mutiko asko gehiegi estutzen dituztela».
Txirrindulari bat.
Jan Ullrich.
Lasterketa bat.
Paris-Roubaix.
Zer zaletasun dituzu?
Mendi bueltak.
Pelikula edo telesail bat.
Braveheart.
Liburu bat.
El faro del silencio.
Musika talde edo abeslari bat.
Su Ta Gar.
Abesti bat.
Su Ta Garren Jo ta ke.
Oporretarako leku bat.
Errioxa.
Zer gosaltzen duzu?
Denetik.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Gure ezkontzako afaria.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Miguel Sorok egindako koadro bat nire karikaturarekin.
Amets bat.
Nire txirrindulari ohi batek Paris-Roubaix irabaztea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Igandeetan Lazkaomendira joatea.
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendi.
Altzagan biziko ez bazina…
Itsasondon. ■

