«Gibolako irakurleei zor diet azken bi liburuen arrakasta»
Gibolako sekretuak kokatu zuen Ane Odriozola Cia (Legazpi, 1979) irakurleen radarrean. Herrian bertan, familiarekin harreman estua duen Brinkolako baserri batetik abiatu zuen bere literatur ibilbidea. Urte gutxitara, irakurleek emandako onespenarekin, bilduma ederra du osatuta eleberri, ipuin labur eta sariekin. Idaztea gustuko du, eta idazten jarraitzeko asmoa du. Udazken hasierarako iragarri du hurrengo nobela.
Legazpiarra zara, familia ezagunekoa.
Bertan jaio eta hazitakoa naiz, merkatari familia batean. Aitaren aldeko aitona Manuel azpeitiarra zen, eta gerra amaitutakoan, Legazpin harategia zuen anaiarengana etorri, eta urte batzuetara bera geratu zen negozioarekin. Haren ondoren, Joakin nire osabak hartu zuen harategia. Nire aita Manolok arrandegia ireki zuen, eta Nafarroatik txikitan Zumarragara etorritako Mertxe Cia amarekin batera eraman zuen. Orain nire anaia Ibanek darama.
Zuk ez zenuen merkatari izan nahi?
Ez. Haztegi ikastolan ikasi ondoren, Urretxuko institutura joan nintzen, eta han amaitutakoan, Kazetaritza edo Publizitatea ikastekotan egon nintzen, baina azkenean beste ikasketa batzuk egin nituen, eta gero Sistema Informatikoen Aplikazioa izeneko goi mailako gradua ere bai, Arrasaten. Horretan hasi nintzen lanean.
Baina gaur beste lan bat duzu.
Arrasateko udaletxean, Biztanlearen Arreta Zerbitzuan. Makro-oposizio bat antolatu zuten 2006an, eta lanpostua lortu nuen. Gustuko lana dut, baina nekagarria da, telefonoz eta aurrez aurre jende askorekin egon behar delako. Azken urteetan asko aldatu da gainera, kanpotarrak direlako asko, eta eskatzen dizkiguten tramiteak luzeagoak direlako. Digitalizazioak ere lan karga handiagoa ekarri digu.
Noiztik idazten duzu?
Berandu hasi nintzen, irakurtzen bezala. Ikasketa garaian irakurtzeko liburuak bidaltzen zizkiguten, eta ez zitzaidan gustatzen irakurtzea. Baina 18-19 urte nituela, oso irakurzalea den ama hasi zitzaidan esaten irakurtzeko, eta kasu eginda, Barbara Wood idazlearen Stars hartu nuen. Liburu batek kateatu ninduen lehen aldia izan zen, eta hura bukatzerako, amak beste bat eman zidan, beste bat gero…
Eta amaren erruz hasi zinen idazten.
Bai. Liburuak amaitutakoan, ohitura genuen eta dugu komentatzeko, irakurketa klub txiki batean bezala. Halako batean, amak esan zuen zein zaila izan behar duen nobela bat idaztea. Nik ezetz erantzun nion, zaila istorioa edo trama asmatzea dela, eta nik neuk idatziko nuela liburu bat esan nion, berari eskaintzeko. Eta hasi nintzen.
Horrela sortu zen ‘El secreto de Gibola’.
Lau urte behar izan nituen! Hasi nintzenean 3 urteko ume bat nuen, Ibai, eta jaioberri bat, Maren. Imajina ezazu zenbat denbora nuen idazteko! Baina poliki-poliki, bukatu nuen, eta inprimatu, eta amari eraman nion. Ez zen gogoratzen! Baina irakurri zuen, eta aitak ere bai. Niretzat amaren iritzia garrantzitsua zen, irakurle galanta delako, eta aitarena ere bai, bere familiaren kontuak agertzen zirelako, Gibola baserria bera. Bere amona Joaquina Zangitu han bizi zen. Baserri hori beti izan da berezia niretzat, familia hortik datorrelako.
Misterio nobela bat da.
Niri beti gustatu izan zait nobela beltza eta misteriozkoa, eta antzinako kontuak ere bai. Liburuarekin hasi nintzenean, istorioa gaur egungo garaietan kokatzeko zailtasunak ikusi nituen, dokumentatzeko batez ere, eta iraganera jo nuen. Umea nintzenean, etxean beti entzun izan ditut lehengo kontuak aitonaren ahotik, eta bere txikitako garaiez galdetzen nion. Horrela, Legazpiko lehengo informazio pila bat nuen buruan. Eta behin Gibola aurretik pasa nintzenean, burura etorri zitzaidan baserri horretan bizi zen familia bati buruz idatz nezakeela, misterioa eta aitonak kontatutako XX. mende hasierako kontuak elkartuta.
Legazpiren historiaren zati bat ere jaso zenuen.
Etxean entzundakoarekin bakarrik ezin nintzen geratu, eta liburutegira jo nuen, informazio bila, eta Jose Mari Urtzelairen liburuetan aurkitu nuen. Legazpiko kontu asko agertzen dira, bai: Oilar Jokoa, Patrizio Etxeberria eta lantegia, herria nolakoa zen… Nik liburua familiarentzako idatzi nuen batez ere, eta familiari gustatuz gero, herriko jendeari ere gustatuko zitzaiola pentsatu nuen. Oso lokala da, oso tokikoa, irakurleak ere halakoak izango zirela uste nuelako.
Nola hartu zuten lehen irakurle haiek?
Harrituta geratu ziren! Gero lehengusinari eman nion, koinatei… Eta haiek esan zidaten hainbeste disfrutatu zutela, ezin nuela kaxoi baten sartu eta gordeta utzi. Horrela hasi nintzen argitaratzeko prozesuarekin. Autoedizioa egin nuen, Circulo Rojo argitaletxearekin. 2018an kaleratu nuen El secreto de Gibola.
Eta arrakasta handia izan zuen.
Ehun ale ateratzea pentsatu nuen, baina Josema Azpeitia kazetariak aholkatuta, 500 eskatu nituen. Ba 15 egunean agortu ziren! Bigarren edizioa atera nuen, eta hamargarrenean doa.
Horregatik bigarren partea?
Bai, jendeari hainbeste gustatu zitzaiola ikusi ondoren, eta niri ere bai liburua idaztea. Zenbat gozatu nuen liburu harekin! Horregatik erabaki nuen jarraipena ematea. Hasieran liburu bat bakarrik izan behar zenez, dena oso ondo itxita utzi nuen, pertsonai bat hilda zegoen… baina buelta eman nion, eta lortu nuen. Legazpin eta Donostian kokatu nuen, XX. mende erdialdean, eta La sombra de Gibola (Gibolako itzala) izenarekin kaleratu nuen, 2020an. Orduan bai, prestatuta utzi nuen hirugarren parterako, eta 2021ean osatu nuen trilogia, Conspiracion en Gibola liburuarekin (Konspirazioa Gibolan), gerra garaian kokatuta.
Promozio lan handia egin zenuen.
Aurkezpenak, sare sozialak, bideoak… Durangoko Azokak aukera handia eman zidan zabaltzeko, eta Elkarrekin banaketarako lortu nuen akordioarekin Euskadi osora iristen hasi nintzen. Orduan nik egiten nuen guztia. Liburuak nireak ziren, book-trailerra nik egin nuen, liburuen portadak ere bai… baina beti inguruan nuen jende eskuzabal eta profesionalaren laguntzarekin: Bakartxo Aniz lehengusua, Josu Altzelai, familiakoak, lagunak… Mundu guztia zegoen laguntzeko prest!
Sari bat ere eman irabazi zenuen ‘Gibolako sekretua’-rekin.
Bai. Circulo Rojoren lehiaketan, misteriozko kategoriako liburu onenaren saria eman zidaten. Almeriako Roquetas de Marren egin zuten galara joan nintzen, eta han bertan jakin nuen irabazi nuela. Oroitzapen oso onak ditut!
Trilogiaren ostean, etapa berria.
Autoedizioak aukera ematen dizu nahi duzuna, nahi duzun bezala eta nahi duzunean egiteko, baina nahiko mugatuta zaude banaketarekin, marketinarekin eta abarrekin. Horregatik, argitaletxe konbentzionalekin probatzea erabaki nuen, oso zaila izango zela pentsatuta. Lagun batek esan zidan literatur agente bat bilatzeko, horrek zabalduko zizkidalako ateak. Hala, esku artean nuen liburu berriaren literatur proposamena prestatu nuen, eta lau agente ezagunenei bidali nien e-mailez. Sandra Brunak erantzun zidan berehala, nire lanari baiezkoa emanez, eta hala, kontratua sinatu nuen berarekin.
Orduan agertu zen Planeta?
Sandrak esan zidan argitaletxe bat bilatzeak hamar-hamaika hilabete hartuko zituela… Bada, kontratua martxoaren 3an sinatu nuen, eta martxoaren 28an deitu zidan Planetak nire nobela nahi zuela esateko. Planetak ordurako planifikatuta zeukan idazle ezezagunentzako edo haiek dioten bezala egile emergenteentzako zigilu berri bat sortzea, NdeNovela, eta nire liburua parean tokatu zen. Horrela argitaratu nuen El Valle del Hierro, 2024an. Historian atzera egin nuen, XV. mendera, eta Legazpi inguruko gertakariak kontatu nituen, misterio kutsuarekin.
Horrek ere arrakasta izan zuen.
Gibolako irakurleei esker zor diet azken bi liburuen arrakasta. 2021etik ezer publikatu gabe nengoen, eta zain zeuden. Salmentak ondo joan ziren, eta Planetakoek berriz deitu zidaten zertan nenbilen jakiteko. Orduan Al subir la marea liburuaren berri eman nien.
Legazpitik kanpora joan zinen.
El valle del hierro liburuan Gipuzkoa barnealdean burdinaren inguruan jendea nola bizi zen kontatu nuen, eta dokumentatzen ari nintzela beste gai batekin egin nuen topo. Oso kuriosoa iruditu zitzaidan kilometro gutxira, kostaldean bizitza zein desberdina zen itsasoaren eraginez. Horrela, bilogia bat osatzeko aukera ikusi nuen, lehena barrualdean kokatuta, eta bigarrena kostaldean, hainbat pertsonai errepikatuz. Planetakoei gustatu zitzaien, eta iazko urrian argitaratu genuen.
Nola doa salmenta?
Oso ondo, aurrekoarekin baino hobeto. Gibolako irakurleak hemengoak ziren, eta El valle liburuarekin kanpoan ezagutu ninduten. Al subir la marea-rekin, oraindik gehiago.
Zertan ari zara orain?
Udazkenean argitaratuko dut hurrengo liburua, berriz ere Planetarekin.
Zerbait aurreratu daiteke?
Bai. Gaur egunean eta Donostian kokatuta dago. Misteriozkoa da, eta zinpeko epaimahai bat da ardatza. Oraingoan, dokumentatzeko epaiketa batzuetara joan naiz, eta ertzainekin, udaltzainekin, fiskal batekin… egon naiz. Azken ukituak ematen ari gara orain.
Izango duzu besteren bat buruan.
Hurrengoan pentsatzen hasita nago, bai. Dokumentu batean jasota ditut hainbat ideia, eta bat bukatzen dudanean, beste bati heltzen diot.
Oraindik azken liburuaren promozioan murgilduta zaude.
Bai, Espainia osoan nabil. Duela gutxi Zamoran, Jaenen eta Logroñon egon naiz. Eta gero datoz Burgoseko eta Madrileko liburu azokak.
Nola bateratzen da hori lanarekin eta familiarekin?
Neketsua da, baina tira. Seme-alabak koxkortu dira, eta lanarekin momentuz bateragarria da. Etorkizunean, ikusiko dugu. Nik nahiko nuke lana utzi eta idaztetik bizi, baina zaila da. Autoedizioarekin posible ikusten dut, baina argitaletxe bati lotuta ez. Baina argitaletxeak aukera ematen dit askoz ere urrutiago iristeko, eta irakurleak irabazteko. Kontraesan txiki bat dut hor!
Liburu guztiak gaztelaniaz dira.
Gusturago sentitzen naiz gaztelaniaz idazten, eta horrela amak irakur ditzake; euskaraz, ez. Amagatik hasi nintzen idazten, eta nobela bat idatzi eta berak ezingo duela irakurri… ezin dut pentsatu ere egin!
Baina euskaraz ere idatzi duzu, eta sariak irabazi ere bai.
Hainbestetan galdetzen zidaten euskaraz noiz idatziko nuen, probatzea pentsatu nuela. Kontaketa labur batzuk idatzi nituen, eta lehiaketetara bidalita, sari batzuk irabazi ditut: Urretxu-Zumarragako Iparragirre Sariak 2019an eta 2022an, Ordiziako Kimetz 2022an, eta Durangoko Urrike liburu-dendakoan finalista geratu nintzen. Horrela euskararekin bete nuela pentsatu nuen, eta gaztelaniarekin jarraitu dut.
Zer asmo duzu etorkizunerako?
Liburuak idaztetik bizitzea gustatuko litzaidake, baina hain zaila da! Udaleko lana ezin dut utzi, eta idaztea ez dut utzi nahi, horrek ematen didalako bizipoza. ■
Gibolan hasi zen guztia
«Argazki hau oso berezia da niretzat. Lehen liburua aurkezteko argazki saio bat egin genuen, kaleratuko nuen liburu bakarra izango zela pentsatuta. Ez genuen orduan imajinatzen zer etorriko zen ondoren!».
Ane Odriozola Ibai eta Maren Olano seme-alaba txikiekin agertzen da, irribarretsu, bere argazki kuttunean, 2018an. Familia osatzeko Josu senarra falta da.
‘El secreto de Gibola’ liburuarekin argazki hori atera zutenetik zortzi urte igaro dira dagoeneko, eta seme-alabak haziago ditu Odriozolak. Bi gazteak hasita daude bakoitza bere bidea egiten, mutila artearen eta kulturaren munduan, eta neska kirolean.
Etxean «bi ekipo» direla dio Odriozolak. Batetik, Ibai eta bera daude, «burua erabiltzea gustuko dugunak»; eta, bestetik, senarra eta Maren alaba, «kirolari amorratuak» biak. «Izaera eta afizioak ere partekatzen ditugu bi taldeetan, bakoitzak gureak».
Eta Ibai Olanok amaren aldetik gehiago du, aitaren aldetik baino. Mutilak ere idazten du, bertsopaperak bereziki, eta dagoeneko jasoa du aitortza bat, amak bezala, Iparragirre Sarietan. «Ikastolan ikasi zuen bertsoak idazten. Letretan oso ona da, eta bertsoak idazten ere bai. Horregatik animatu nuen Iparragirre Sarietan parte hartzera, 16 urtetik beherakoen atalean». Eta aurkeztu eta irabazi egin zuen, iazko edizioan. «Zer poza! Berak, eta nik ere bai. Biok».
Ibairen mundua artea dela azaldu du Odriozolak. Abestu egiten du, koru batean dago, pianoa jotzen du, interpretazioa ikasten ari da, oso ondo marrazten du… «Nondik joko duen ez dakit, baina ni oso pozik nago daraman bidearekin! Marenekin ere bai!».

