
Orduko Elektrotuna elektrotxarangaren ideia gustatuta, hamairu laguneko elektrotxaranga sortu zuten Legazpin 2009ko urte hasieran: Patxaranga 13. Espainian izen bereko beste talde bat zegoelako erantsi zioten 13 zenbakia izenari, bestearengandik desberdintzeko.
Orduz geroztik asko aldatu da taldea; batzuk utzi egin dute, jende berria sartu da… baina, hasieran bezain ongi pasatzen jarraitzen dute taldekideek. 16tik 35 urte bitarteko hamalau kidek osatzen dute oraingo taldea; denak legazpiarrak dira.
Euskal taldeen abestiak jotzen dituzte batez ere: La Polla, EH Sukarra, Barricada, Sorotan Bele, Hertzainak, Parabelum… Eta Iron Maiden bezalako heavy abestiren bat edo beste ere jotzen dute tarteka.
Jotzen dituzten abestiak ezagunak izateak adin guztietako jendea inguratzen laguntzen die eta «lau kalimotxo hartutakoan oraindik ere errazago!». Eurekin jendeak abestu eta zenbaitetan saltoka dantzatu ere egiten du.
Euskal Herri osoan zehar jo izan dute, baina, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ibili dira gehien. Urtean zehar emanaldi ugari egiten dituzte, baina, «hainbeste laguneko taldea izanda, nahiko zaila izaten da den-denok joateko aukera izatea, eta horregatik, zenbaitetan, ezetza» ere eman behar izan dute.
Gurdi handi bat eramaten dute ondoan, bozgorailuak eta eramateko. Hala ere, eta lekuz mugitu arren, «geldik daudenean jotzea nahiago» dute. Manifestazioren batean edo oinez ere jotzea tokatu izan zaie, baina, «gusturen poteo garaian» jotzen dutela esan dute.
Udako geldialdiaren ondoren, indartsu hasi dira berriro. Gernikan eta Legorretan egin dituzte azken emanaldiak. Taldekideen esanetan «oso ondo» pasatzen dute beti, baina, pare bat aukeratzekotan Gernikan eta Lesakako San Fermin jaietan gozatu dute gehien. «Gernikan aitona bat etorri zitzaigun ikusmiraz ea zertan genbiltzan galdetuz. Gazte punki batzuk gure inguruan kantatzen eta saltoka ibili ziren beste behin. Askotan jende helduak ere abestiak abesten ditu gurekin batera… Denetariko jendea inguratzen dugu» dioe taldekideek.
Patxaranga taldearekin harremanetan jartzeko bide asko daude: Tuenti eta Facebook sare sozialetan, patxaranga13@gmail.com helbidera idatzita edo euren blogean sartuta (patxarangaelektrotxaranga.blogspot.com).