«Nire kezkak eta minak mugiarazleak izatea nahiago dut»
Ibilbide luzea eta oparoa egin du euskal literaturan Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964), bai idazle gisa, bai Elkar argitaletxeko editore gisa. Aurre-erretiroa hartu du.
Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Hispaniar Filologia UNEDen. 23 urterekin hasi zen Elkar argitaletxean lanean. Zailena «ezezkoak ematea» dela dio. Editore ikuspegitik, «kezkaz» bizi du euskalgintzaren egoera, eta herritar bezala, «minez».
Argi izan zenuen filologia munduan sartu nahi zenuela?
Ez, jendeari esaten zaionean ‘zuk zer izan nahi duzu?’, eta nik inoiz ez nuen jakiten, erantzun normalak ez zitzaizkidan interesatzen neuri. Konturatu nintzen letrak gehiago gustatzen zitzaizkidala zientziak baino, nahiz eta denean ondo moldatu eskolan, eta orduan letretako zerbait egingo nuela neukan buruan.
Nik ikasketa guztiak erdaraz egin nituen eskolan. Ordurako ikastola bazegoen, baina ni ez nintzen ikastolako umea izan, ni Beasaingo fraideetan ibili nintzen, ikastetxe erlijiosoetan. Erdaraz ikasi nuenez, nire adierazkortasuna, aberastasuna eta jarioa gaztelaniaz zen. Euskara ez nuen galdu, guraso euskaldunak ditudalako eta etxean euskaraz egiten genuelako, baina garai hartan kalea erdaraz bizi zen eta lagunekin, kuadrillan, beti erdaraz bizi nintzen, nahiz eta kide horietako batzuk euskaldunak izan, ni bezala.
Eta orduan, nolatan?
18 urte neuzkala, unibertsitatera sartu baino lehenago, kontzientzia hartze bat eduki nuen, kontzientzia txar hartze bat, euskalduna nintzela baina euskara ahazten ari zitzaidala, eta norberak egiten ez badu alferrik da. Nire familia osoaren hizkuntza izandakoa pixkanaka urtzen ari zela sentitzen nuen. Ez zen, noski, familiaren arazoa, baizik eta Euskal Herri osoarena. Buruak eman zidan buelta bat, klik bat egin nuen, eta euskaltzaletu egin nintzen egun batetik bestera. Orduan erabaki nuen euskararekin zerikusia izango zuen karrera bat egitea. Ez dakit zenbateraino izan zen erabaki on bat, zeren filologo euskaldunak behar dira, baina baita geologo euskaldunak, topografo euskaldunak eta delineatzaile euskaldunak ere.
Nire kasuan, filologia ikastea erabaki nuen eta bat zetorren hein handi batean nire zaletasunekin. Literatura, hizkuntza, pentsamendua, filosofia, historia… gai horiek interesatzen zitzaizkidan.
Euskaltzaletu zinen garai horretan, euskaltegira joan zinen?
Ez. Nire kasa alfabetatu nintzen. ‘Argia’ aldizkaria hartzen hasi nintzen, eta goitik behera irakurtzen nuen, lehenengo orritik azkenekora. Nik uste dut irakurriz alfabetatu nintzela.
1980ko hamarkadaren amaieratik Elkarren editore izan zara.
Karrera 1987an bukatu nuen. Bitartean, Urretxuko Udal Euskaltegian lanean egon nintzen. Ez nintzen eguneroko ikasle unibertsitatean, gehiago nintzen astean behin joaten zen ikaslea. Karrera bukatzen ari nintzela, Donostiako Euskararen Patronatuan edo hango udalean euskara kontuetan oposizioak atera nituen eta lanean hasi nintzen. Aldi berean ari nintzen euskalgintzan eta euskal letretan: ‘Argia’-n kolaboratzen nuen, liburu kritikak egiten nituen. Ordurako bizpahiru liburu aterata neuzkan, helduentzat eta haurrentzat. 21-22 urterekin hasi nintzen liburuak publikatzen. Elkarren ezagutzen ninduten, norbait behar zuten, eta iruditu zitzaien interesantea izan nintekeela edo maila eman nezakeela.
Oso gazte hasi zinen.
Sorpresaz hartu nuen, baina pozez ere bai. Aukera on bat izan zen, pixka bat harrigarria ere bai, 23 urterekin norbaitek horrelako lan bat hartzea. Baina jendea eskuzabala izan zen nirekin, eta saiatu nintzen ondo erantzuten. Gaztetxoa zara eta bat-batean zu baino helduagoa, jakintsuagoa eta euskal kulturan pisu handia daukaten pertsonen testuak txukuntzen edo editatzen ibili behar duzu, baietz edo ezetz erantzuten. Txillardegirekin, Martin Ugalderekin, Joxe Azurmendirekin eta horrelakoekin aritzea tokatu zitzaidan.
Idazle edo editore, zer doa aurrena?
Lehenengo idazle izan nintzen, eta seguru asko idazlea izan nintzelako sortu zitzaidan editore izateko aukera. Geroztik, nire denbora gehiena, dudarik gabe, editore izateari eman diot. Gainera, niri editoretza gustatu egiten zait eta bokaziozko lana izan da, neurri handi batean. Laneko orduak eta lanekoak ez zirenak ere horri eman dizkiot. Baina, batez ere, oporretako idazle izan naiz. Nahiz eta denbora gehiena editoretzari eman, nik esateko neukana, nire ekarpena, horrelakorik balego, gehiago egongo da nik idatzitako gauzetan.
Izan zaitezke editore idazle izan gabe?
Bai. Munduan editore gehien-gehienak ez dira idazleak. Seguru asko esku ona izango lukete idazten jarriz gero. Eta badira hainbat eta hainbat idazten hasi izan direnak edo hasita zeudenak, baina editore lanbideak apur bat murriztu egin die karrera, edo irentsi egin die, eta utzi egin diote idazteari. Eta normala da, neurri handi batean exijentzia handiko lan bat delako. Editore zarenean, besteen lanari begira zaude denbora guztian, haiei nahi diezu distira atera, eta ezin zara egon pentsatzen zure obran. Baina ni moldatu naiz biak batera egiteko.
Zer egiten du editore batek?
Batez ere, irakurri. Baina irakurtze arrunt bat ez da. Egunkaria irakurtzen dudanean egiten dut irakurri, informatu eta kito. Edo irakurle bezala, nobela bat irakurri eta denbora pasa ari zara, ondo pasatu duzu, aspertu edo entretenitu, edo par egin eta hor uzten duzu. Editore batek ez du horrela irakurtzen, noski. Guri etortzen zaizkigu jendeak emailez edo postaz bidaltzen dizkigun lanak, eta guk horiek irakurri behar ditugu. Lehenengo lana izaten da erabakitzea ea liburu baterako ematen duen edo ez. Askotan ezetz esan behar izaten dugu, eta hori da nire lanak daukan alderdirik txarrena; hau da, ezezkoa eman beharra.
Zergatik?
Norbaitek igual ez dauka talentu askorik, baina bere denbora, gogoa, ilusioa eta ametsak jarri ditu idazten, eta beti errespetua merezi du erantzuteko orduan. Ez dut esan nahi derrigor publikatu behar zaionik, baina errespetu bat bere lanarekin eta bere denborarekin. Dena dela, erabakiak ez dira beti sinpleak. Izan daiteke ‘bai, baina gure ustez hau hobetu beharko litzateke’, edo ‘ez dagoen bezala, baina hau edo hau aldatuz gero akaso salbatu daiteke’. Aholkuak ematen zaizkio idazleari bere lana hobetzeko. Gero beste fase bat dago, eta izaten da zuzenketarena: arauak, gramatika, hiztegi batua eta horiek betetzen diren. Eta bestetik, estilo kontuak, ‘hitz hau mugituta, koma bat jarrita hemen hobeto geratzen da’.
Kosta egiten da?
Beti pentsatzen dut ezin diozula idazleari inposatu, baizik eta berak ikusi behar duela, eta konbentzitu behar duzu hori kenduta hobeto geratuko dela. Idazle gehienek oso hartzeko jarrera ona daukate, azkenean bai nik, bai haiek nahi dugu testua ahalik eta onena izatea. Gehienak fidatzen dira nirekin.
Aldatu da editore lana hasi zinenetik?
Funtsean, ez. Nik ikusi izan ditut lan asko aldatzen. Inprentetan nola egiten den lan erabat aldatu da, liburuaren fotokonposizioa edo diseinua edo maketazioa asko aldatu da. Lanean sartu nintzenen, jendeak bidaltzen zituen testuak idazmakinaz idatzita, eta guk eskuz zuzenketa batzuk egiten genituen, eta gero hori argitaletxean beste pertsona batek egiten zuen makina berezi batean osorik pikatu. Hori erabat aldatu da. Baina editorearen lanaren funtsa ez da aldatu.
Idazle bezala denetik egin duzu. Nahiago duzun generorik badago?
Nik uste, oro har, kontatzailea naizela, kontalaria, eta orduan istorioak kontatzea gustatzen zaigu, istorioak entzutea ere bai. Nik uste dut gizakiak berezkoa duela, seguru asko kobazuloetan bizi ginenean ere sutondoan gauetan istorioak kontatuko genizkiola elkarri, edo txisteak, baina txistea ere ipuin motz-motz bat da. Gaur egun, jendeak telesailak ikusten ditu, baina horiek ere istorioak dira, luzatuta. Liburuak egunen batean igual desagertuko dira, baina istorioak kontatzea eta entzutea nik uste dut gizakiak berezkoa duela.
Gustatzen zait istorioak entzutea, edo ikustea, irakurtzea. Jasotzailea bainaiz, eta sortzaile ere banaiz neurri batean, nik ere sortu ditudalako istorioak. Nobela edo ipuina, istorio batek hartu ditzakeen formak dira. Buruan daukazunean, neurtu egiten duzu eta ikusten duzu zein den modurik egokiena istorio hori kontatzeko. Narratiba da niri interesatzen zaidana.
Azkenak, eleberriak hirurak –’Oso latza izan da’, ‘Borrero txiki bat’ eta ‘Morlans’–, euskal gatazkaren ingurukoak dira. Horri heltzeko gogoz zeunden?
Berez etorri da, ez dakit zergatik. Nire ibilbidean tarteka agertu izan da, beste istorio batzuekin nahastuta. Askotan istorio sentimentalak, bikote kontuak, eta horiekin txirikordatuta agertzen zen. Baina azken liburuetan esan daiteke zuzen-zuzenen horretara noala. Batek ez daki gaia aukeratzen duen edo gaiak aukeratzen duen norbera. Batzuetan etortzen zaizu istorio bat burura eta horretaz idatzi nahi duzu, eta ez beste ezertaz. Niri ere halako zerbait gertatu zait.
‘Oso latza izan da’ eta ‘Morlans’ ez-fikziozko nobelak dira. Hori kontatzeko bide egokiena zen?
Nik halaxe sentitu nuen. Posible da noski fikzioak egitea eta pertsonaiak asmatzea, edo egiazko pertsonengan oinarrituta egon arren haien irudimenean sartzea; imajinatzea haiek zer sentitu zuten, zer hitz egin zuten elkarren artean. Baina sentitu nuen erosoago egongo nintzela dakiguna kontatuta eta asmamenari lekua mugatuta.
Euskalgintza ez omen dago modan. Zuk nola bizi duzu zure lanpostutik?
Lanpostutik, kezkaz. Eta neuk, Xabier Mendiguren herritarrak, minez. Kezkaz, ikusten dugulako liburuen salmentak oso makal dabiltzala, eta jendearen atxikimendua momentu beroetan, Euskaraldia dela, Korrika dela, hauspotuz gero jendea bero sentitzen da momentu horietan, baina gero inertziak erdarara eramaten gaitu. Kultura ez da beroaldi batean egiten den gauza bat, egunero eraikitzen da. Makal ikusten dut euskalgintza eta horrek kezkaz betetzen nau editore naizen aldetik. Baina herritar euskaltzalea naizen aldetik, kezka baino gehiago mina da. Halere, kezkak eta minak izan daitezke geldiarazleak eta izan daitezke mugiarazleak. Eta nik nahiago dut nire kezkak eta minak mugiarazleak izatea. Ez naiz geldirik egongo eta segituko dut lanean.
Liburuen salmenta, paperean zein digitalean doa behera?
Orain dela 10 edo 20 urte, digitalaren gorakada bazetorrela-eta, batzuen susmoa edo beldurra –edo batzuentzat esperantza ere izango zen– papera baztertu egingo zuela zen, eta ez da horrela izan. Oso marjinala da liburuen irakurketa digitala.
Oso gutxi dela esan nahi duzu?
Oso-oso gutxi. Oso jende gutxi gara liburua gailu elektroniko batean irakurtzeko erosten dutenak. Edozein modutan, tituluetan ondo eusten diogu, fuerte gabiltza. Nik uste dut sorkuntza oparoa dugula kantitatean, eta kalitatean ona, baina hartzaileak ez dira guk nahi bezainbeste. Eta ez da asko nahi dugulako, baizik eta minimoen ertzean gabiltzalako. Pelikula bat egiten duzunean inbertsio handi bat egiten duzu, eta ehun ikusle gutxi dira. Liburuek ere behar dituzte mila irakurle behintzat, eta askotan ez gara iristen kopuru horretara.
Zertan aldatu da euskal literatura hasi zinenetik?
Gauza bat esan beharko banu, erabat aldatu dena izan da, zorionez, hasi nintzenean ia erabat gizonezko mundu bat zela. Emakumezko idazleak ere bazeuden, Goierrin bertan Tere Irastortza edo Arantxa Iturbe. Baina momentu batetik aurrera hasi ziren asko ugaritzen, ez bakarrik kopuruz, baita kalitatez ere. Momentu honetan esango nuke proposamen interesgarrienak eta jendeak gogotsuen hartzen dituenak emakumezkoek idatzitakoak direla. Eta sortzaileak bakarrik ez, esango nuke publiko aldetik ere irakurle gehienak gaur egun emakumezkoak direla.
Aurre-erretiroa hartu duzu. Itzea Urkizu Arsuaga da editore berria. Zein erronka nagusi izango ditu?
Nahi eta nahi ez, norberak buruan dauzka bera bizi izan den aldiko ideiak eta ikuspegiak. Neuk ere bai. Nahiz eta saiatu gazteekin harremanak mantentzen eta haien gustuak eta zaletasunak ezagutzen, azkenean norberak bere kideen ideiak dakizki ondoen. Gaurko irakurleen estetikarekin, ideiekin eta nahi duten literatura motarekin hobeto asmatzen jakingo du editore gazte batek. Erronka da gaurko eta biharko euskaltzaleei euskal literatura on bat eskaintzea.
Erretiroa hartzen duzunean, zer?
Batetik, urte batzuk egin ditut Donostialdean bizitzen eta orain Beasainera itzultzen ari naiz. Bestetik, badago oso hobby indartsuak eta garbiak dituen jendea, eta ni ez naiz horietakoa. Nire zaletasunak lanari lotutakoak izan dira, irakurtzea gustatzen zaidalako. Edo ildo berdintsutik, pelikulak ikustea gustatzen zaidalako. Beasainen bizi nintzenean, zineklubeko antolatzaile taldekoa nintzen, eta, beharbada bueltatzen naizenean, onartzen banaute, berriz sartuko naiz. Baina ez daukat eguneroko bizitza arautuko didan zerbait. Igual baratzea egin beharko dut, edo gimnasioan hasi. Ez dut pentsatu.
Idazteari utziko diozu?
Ez dut zertan. Batzuek esan didate ‘orain gehiago idatziko duk’. Ba ez dut uste, behintzat ez ditut bazterrak nazkatu nahi, honezkero asko samar atera ditut eta gehiago egitea ere ez litzateke oso sanoa. Gehienbat, idatzi izan dut gogoa izan dudanean, ideia bat garbi izan eta hori idatziz jartzeko nahia, eta aurrerantzean ere berdina egiteko asmoa daukat. Orain denborarekin aukera handiagoa izango dut, baina ideiak eta gogoa etorri behar zaizkit. ■
Errekarteko oroitzapenak
«Liburu honetan ere, norberaren munduaren adierazpenarekin edo egolatria ttanttabatzuekin batera, honelako uste bat dago sakonean:
bizitzaren zertzelada guztiz diferenteen azpitik edo gainetik oinarrizko parametro batzuetan gizon-emakume guztion sentipenak direla funtsean
berdintsuak; parametro horien artean dago noski norbaiten seme edo alaba izatea, norbaiten biloba, non edo non izatea sustrai edo jatorri bat,
dela egiazkoa dela amestua…». Mendigurenek 2001. urtean kaleratu zuen ‘Errekarteko koadernoa’ liburuko pasarte bat da hori. Eta, hain justu,
liburu horren 5. orrian agertzen den argazkia aukeratu du ‘Argazki kuttuna’ atalerako. 4 urteko Xabier agertzen da irudian, hain zuzen Beasaingo
Errekarte baserrian, egurrezko ezpata txiki batekin eskuan. Ondoan dauzka hilabete gutxiko lehengusina bat eta baserriko txakurra.
Orain dela bospasei urte bota zuten baserria. «Nire aita horkoa da, eta gero osaba, izeba eta lehengusu-lehengusinak bizi izan ziren han. Inguru hori guztia nire haurtzaroko jolaslekua izan dela esan daiteke». Ordu asko pasatzen zituen txikitan bakarka, «ametsetako jolasetan, borroketan», bera bakarrik, «makila batekin arbolen kontra edo belar meten kontra». Lau urte gazteagoak ziren bere arrebak, eta, oroitzen duenez, garai hartan mutilek mutilekin jolasten zuten batez ere, «jolas basati samarretan». «Kariñoa» dio argazkiari: «Argazki goxoa iruditzen zait».

