Egia betea, %100
Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Goiberriko irakurleen ehuneko 40ak aldizkaria paperean irakurtzen du. Online eta offline irakurleen % 38ak atal zehatz bat irakurtzera jotzen du lehenengoz eta %17ak Aliritzian atala baino ez du irakurtzen*. Ez dut atsegin portzentajeekin hitz egitea, baina dauzkadan elkarrizketen % 83an txertatzen ditut.
Iruñean, aurreko urteko estatistika baten arabera (eta hau ez da nire asmakizuna) «biztanleen % 80ak entzierroen alde egiten du, eta % 52a zezenketen aldekoa da». Ehunekoen tranpak ondo ulertu behar dira, egia esanda iruzur egiteko gai direlako: aipatutako estatistika hori 1.800 iruindarri egin zitzaien, 213.526 biztanle dituen hiriburuan. Beraz, Iruñeko biztanleen % 0,84ari galdetu zitzaionez, zuzenagoa litzateke esatea biztanleen % 0,43a dagoela zezenketen alde, inkesta horren arabera.
Beste adibide bat. Iragarki batek dio hortzetako eskuila elektriko batek zikinkeria garbitzen duela % 205ean. Hau da, lehiakideak garbitzen duenaren bikoitza garbitzen du, baina dirudienez hobeto geratzen da portzentajea erabiliz. Kontua da eskuila lehiakide hark plakaren ehuneko ehuna garbitzen duela, eta ez badago beste ezer garbitzeko, nola izan daiteke honek % 205a garbitzea?
Badakit irakurle askok egiazko datuak nahi dituztela informatuta mantentzeko darabiltzaten medioetan, eta ehunekoen erabilerak sinesgarritasun eta objektibotasun itxura ematen diela informazioei. Baina estatistikak laginetan oinarritzen dira, eta ondorioz tentuz irakurri eta interpretatu beharra dago. Egia esaten badute ere, egia hori partziala izan daiteke, eta behar bezala ulertzeko testuinguruan kokatu behar da.
*Paragrafo honetan agertzen diren ehunekoak %100 asmatuak dira. Ez dago estatistika zehatzik edo ehuneko publikorik Goiberri aldizkarirako. ■
