Zumarraga eta Zumaia lotuko zituen Urola trenbide elektrikoaren inaugurazio eguneko irudia da argazkikoa, 1926. urtekoa. Lehenengo proiektua 60 urte lehenago egina zuen Pablo Alzolak, baina inor ez zen proiektuarekin ausartu.
Bailarako udalek lan horien aldeko apustua egin eta gero, 1921. urtean lanen enkantea egin eta lanak 1925. urtearen amaieran bukatu zituzten. Trenbidea egiteko Jose Bautista Arzubiak 16 zubi eta 18 tunel eraiki zituen. Trenbidearen kostua 24 milioi pezetakoa izan zen. Inbertsio handienak lur berdinketetan, tuneletan eta materialetan egin zituzten. Gastuen agirian desjabetuentzat ere badago tokia; haien artean 1,2 milioi banatu zituzten.