Naroa Sagarnak saria jaso du Madrilen, Bide, Portu eta Ubideen ingenieritza ikasketako notarik onena lortu duelako.
Zer ikasi duzu?
Bide, Portu eta Ubideen ingeneritza ikasi dut. Lehen hiru urteak Donostian egin nituen Obra publikoetako ingeneritza teknikoa ikasten. Gero Madrilera joan nintzen, eta bertan amaitu nituen ikasketak. Karrerako azken bost hilabeteetan Txekian egon naiz Erasmus bekarekin.
Ikasketak bikain amaitu dituzu, gainera.
Diploma al mérito académico deitzen dioten saria eman didate. Karrerako notarik onena ateratzen duenari ematen diote urtero. Madrilgo Universidad Alfonso X. El Sabio unibertsitatean amaitu ditut ikasketak eta bertan eman didate saria.
Eta gustura ikasi duzu?
Bai, oso gustura ibili naiz karreran, asko gustatu zait. GehienBideak nola egin ikastea izan da gehien gustatu zaidana.
Ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik izan al duzu?
Bai, praktiketan Zumarragako bide berriaren proiektuan ibili naiz, Zarauzko Amenabar enpresan, eta oso gustura.
Gogor eta asko ikasi beharko da karrerako notarik onena ateratzeko, ezta?
Bai, ordu asko eskaini dizkiet ikasketei, eta pisuan ere ikasteko giro egokia izan dut. Zorte handia izan dut pisukide denak ere ikasle onak zirelako eta proiektua ere beraiekin egin dut. Adibidez, pisukide izan dut Ataungo Ioritz Zurutuza, eta honek batxilergoko notarik onena atera zuen.
Eta, orain, zer egiteko asmoa duzu?
Lidergo masterra eta MBA+E masterra egiteko izen eman nuen. Oraindik baieztapen ofizialik iritsi ez bazaigu ere, ez da egingo master hau, finantziazio arazoak daudelako. Banco Popularrak laguntzen zuen diruz, baina krisiagatik edo, azkenean ez dirudi egingo denik. Agian urtarrilean edo…
Eta bitartean?
Alemana ikasten hasi naiz eta ingelerako Advance titulua ateratzeko prestatzen ari naiz. Aitarekin ere ari naiz lanean.