Joan den ostiralean 560 euroko bost beka banatu zizkien Goierri Eskolak, DBHn 8,5 notako batez bestekoa edo altuagoa lortu zuten ikasleei. Ikasle horiek aurten hasi dira Goierri Eskolan batxilergoko ikasketak egiten, eta beka jaso dutenen artean Maite Mujika segurarra dago (Segura, 1996).
Mujikak Beasaingo Loinazpe ikastetxean egin zituen DBH ikasketak, eta 9,5eko batez bestekoa lortu zuen. Berarekin batera Goierri Eskolan ikasten ari diren beste lau sakanarrek lortu dute beka bera. Bekaren diru laguntzak bi helburu nagusi izango ditu: ikaslearen hizkuntza-maila eta IKT-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak- prestakuntza hobetzea.
Hizkuntzen mailari dagokionean, ikasle bakoitzak erabakiko du hizkuntza formakuntza non jaso. Ikasleek edozein atzerriko hizkuntza ikasteko laguntza izateaz gain, titulazioa lortzeko azterketen matrikularen kostea Goierri Eskolaren kontu joango da, betiere titulazio hori B2 mailakoa edo B2tik gorakoa bada.
IKTei dagokioenean, berriz, Goierri Eskolako zuzendari den Iñaki Zabalok azaldu duenez, «ekainetik uztailera arlo zientifikoari -matematikei, fisikari…- zuzendutako teknologien berri emango zaie eta sare sozialen ezagutzari buruzko hainbat gauza ikasi ahal izango dituzte ikasleek». Erreminta horien erabilpena ikasleei bideak errazteko egingo dute eta ikasle guztiei zabalduko zaie ikastaroa egiteko aukera, baina, bost ikasle hauek bakarrik izango dute matrikula ordainduta.
Joan zen ostiralean Goierri Eskolan egin zen sari banaketan Maite Mujikak pozik agertu zen lortutako sariarekin. 9,5eko batez bestekoa lortzeko gogor ikasi behar izan duen galdetutakoan baietz erantzun du, «baina, tira, nahiko erraz» ikasten duela azaldu du. DBHn gustukoen zituen ikasgaiak «matematika, fisika eta horrelakoak ziren gehienbat. Ikasi beharra zegoen materiak gutxiago gustatzen zitzaizkidan: historia eta horrelakoak. Letretako ikasgaiak ez zitzaizkidan horrenbeste gustatzen», azaldu du Mujikak. Orain Goierri Eskolan batxilergoa ikasten ari da. Amaitu ondoren orain arte majisteritza ikasteko asmoa bazuen ere, zalantza sartu zaio «orain irakasle asko» dagoelako.
Goierri Eskolak eman dion bekarekin zer egin seguru ez badaki ere, «Seguran Rosa Agirreren partikularretara» joaten jarraituko duela dio, eta beka hau partikular horiek ordaintzeko behintzat erabiliko duela.