Goierriko Bertso Eskolak omenaldia egingo dio abenduaren 29an Ordizian Imanol Lazkanori (Azpeitia, 1936). 60 urte inguru egin ditu Lazkanok plazaz plaza, eta urtea bukatzearekin plazako bertso ibilbideari ere agur esango dio. Hiru belaunaldi desberdinekin aritu izan da kantuan. Bi garai eta tradiziotako bertsolarien arteko zubitzat eta uztarritzat hartu izan da; «zubigintzan artista».
Zein izan da eraikitzea tokatu zaizun zubirik zailena?
Ez dut zubi zailik izan. Bertsolari handiekin ibiltzearen irrika eta beldurra, norgehiagoka apustu horretan gure ezuste atseginerako guri egin ziguten harrera Baserrik, Uztapidek, Lasartek, Lizasok… goata artean bezala hartu gintuzten, hain inpresio ona eta naturala jaso nuen haiengandik, nik ez dudala uste zubi zailik nik eraiki dudanik harrezkero.
Zubirik ederrena?
Bizitza bera. Eraikuntzan eta bertsotan bi afizio—ofizio. Bi leku horietan hain eroso ibiltzeko izan dudan aukera hori etxetik hasita eta Euskal Herrian hainbeste jenderen mimoak jaso eta maitatua sentitu izana hain da ederra.
Zubirik sendoena?
Bertsolaritza bera. Barru barrutik bizitzeko izan dudan aukera hori eta gure denboran egin duen gorakada zentzu askotan.
Ibai handien gaineko zubietan edota errekatxo gainekoetan erosoago?
Badirudi gaurko gizartean handiak direla balio dutenak, baino nik uste dut benetako baloreak txikitan daudela, erreka txiki askok egiten dute handia.
Azpeitiaren eta Goierriren arteko zubia askotan zeharkatu izan duzu.
Gu bertso munduan hasi ginenean, Azpeitiko sakanetik ateratzen hasi eta bertsoekin jolas egiteko gure lehenbiziko tokirik garrantzizkoena Goierri izan zen, Ordizia, Zaldibia, Saturdi, Gaintza, Gabiri… Goierrik beti izan du bertsoarekiko miresmen berezia, eta euskal kulturarentzat ere bai orokorrean, beti sentitu naiz bertan eroso. Eta lagun asko ditudala sentitzen dut nik; ez dakit haiek zer pentsatuko duten nirekiko.
Etxearen eta plaza publikoaren arteko zubia gehiago ez igarotzea erabaki duzu, betiko?
Bai. Bertsolaritzari diodan zorra kontutan izanda, ikusiko banu gaurko bertsolaritzak nire beharra duela, ez nioke ukatuko, arrastaka, lurrera erori arte segituko nuke. Baina gaur dagoen maila eta aukera ikusita, hemendik aurrera enbarazu gehiago egingo dugu mesede baino. Oraindik gozatzen segitu nahiko nuke, bertsolaritzari beste leku batetik begiratuz.
Arantxa Odriozola, emaztea, zutabe nagusia izan duzu, ezta?
Dudarik ez. Nik garbi dut, bertsotako ibiliekin eta eraikuntzak ordu asko kendu didanez etxerako senar eta aita erosoa ez naizela izan. Etxean nagoenean saiatu naiz baina enbarazu gutxi egin dut nik etxean. Arantxak bizimodu gogorra eraman du nire inguruan. Bertsolariaren emazte izaten ez da erraza. Gure aitonak erabiltzen zuen ijitoaren astoaren irudia bizimodu gogorraren irudi-adierazle: «Ijitoaren astoa beti karga bizkarrean eta bide bazterrean harrapatutakoa janez». Hori kontuan hartuta behin horrela bukatu nuen bertsoa:
«…gizona beti parrandan eta bakarrikan ordu asko
bertsolarin emazte baino hobe da ijito asto».
Bertsolaria aguantatuko duen emakume batek bertsolaritza eta herri kultura maite izan behar ditu, bestela ez dago hori dena eramaterik. Alde horretatik babes guztia izan dut emaztearengandik.
Diskrezioaren ikur, ondoan dagoenaren presentzi isila, begirada ernea, entzuten azti… hau al da Arantxa bertsozalea?
Arantxa: Bai, gustatu izan zait bertso saioetara joatea. Emakumerik joaten ez zenean hasi nintzen, gizonezkoak ziren denak eta ni. Eroso sentitzen nintzen, neroni ere zaletu! Eskolartekora, esate baterako, joateko ohitura dugu aspalditik, bertsolari asko ume umetatik segitu ditugu, eta oso erakargarria da.
Imanolekin edota Imanolen zain nola pasa dituzu ordu gehiago?
A.: Imanolen zain. Afari, ezkontza, larunbata, igandea… udan batez ere egun pasa joaten ziren, orain aldatu egin da.
Kanpoko eta etxeko Imanolen artean alderik ba al da?
A.: Ez, berdintsu. Ordu gutxi egiten zuela eta hori eraman behar. Alaba zaharrenek esan izan zuten «beste denak aitarekin eta hondartzara eta joaten dira eta gu aitarekin ezin?» baino horretara ohitu egin ziren.
Imanol: Lau alabekin harremana ezin hobea daukat. Naizen bezalakoa onartu naute eta ahal den aitarik onena izaten saiatu naiz baino ordu gutxi izan ditut. Ziurrenik ordu gehiago pasatu banitu aspertuko nituen.
Alabek harremanik ba al dute bertsoekin?
I.: Ez hainbeste. Gazteenak bazirudien bazekarrela arrasto pixka bat, zaharrena saioz saio ere asko ibili zen eta ez ote zen aspertu nago. Denei bertsoa gustatu asko, baina besterik gabe. Orain oporretatik postala bidaltzen dutenean bertsotan idazten dute beti.
Bertsolariak ondo elkartuta daude, elkartea sendo, indartsu, sasoi betean. Eta bertsolarien bizi-lagunen elkartea osatzea ideia txarra al litzateke?
A.: Ez litzateke erreza izango hori, baina Uztapideren ideia izan zen: «Gu urte guztian elkarrekin eta zergatik ez dugu egun bat ipintzen gure andreek elkar ezagutzeko?» Urte mordoan elkartu izan ginen bizkaitarrak, iparraldekoak… gero galtzen joan zen.
Bertsoek zer eman eta zer kendu dizute Arantxa?
A.: Eman giro jatorreko harreman ugari eta oso aberatsak, kanpoan leku askotan ibili ere bai, neu aurreratzen nintzen joateko. Kendu eguneroko bizitzan gizonaren ordu mordoa.
Tarteka zuentzako momenturik hartzeko beharrik ez zenuten sentitzen?
A.: Orduan ez zen opor kontuetan pentsatzen. Murua hasi zen andrearekin 15 bat eguneko oporrak hartzen; ez dakit beste inork segitu dion.
I.: Abuztua eraikuntzan hilabete lanpetua zen. Aurretik egindako planak hala beharrez bertan behera momentuan utzi beharra ere tokatu zaigu. Eskerrak pazientzi handiko andrea tokatu zaidanik.
Asko aldatu al zaizue bizitza Imanolek bertso jardunak edota erretiroa hartuz geroztik?
A.: Pixka bat lasaixeago, alabekin egin ez dituenak orain bilobekin eginez, bera gehiena.
I.: Bai, alaba, suhi, umeekin… igande eguerdiko bazkari hori gozatzekoa da. Egunero, berriz, 6etan zakurra hartu nire buelta egin, behi pare bat ere baditut… eta gero eguna lasai.