Egun zortzi lagun behintzat bizi dira Idiazabalgo Txomenane okupa etxean. Horietako batek azaldutakoaren arabera, hiru urte eta erdi daramatzate beraiek bertan. Josteko gela, kontzertuak emateko lokala eta beste hainbat txoko ere antolatu dituzte etxearen barruan. Azkena, grabazio estudioa eta entsegu lokala egin dituzte.
«Lokal hauen beharra» ikusten zuten Txomenaneko bizilagunek, «gaztetxeetan zuzeneko kontzertuak emateko aukera bazegoen ere, taldeek azkenean maketak grabatu nahi izaten dituztelako».
Dena auzolanean egin dutela aipatu du kide batek: «Batek zorua lortu zuen, egurrezko mahaia Bilore enpresakoa da, Madrilen itxi zuten okupa etxe batetik lortu genuen gela insonorizatzeko material gehiena, soinu makineria asko lagunek emandakoak dira, pladur mordoa sartu dugu, lehendik genituen beste gauzatxo batzuk… jende askok lagundu du muntatzeko garaian».
Horrez gain, bi festa antolatu dituzte lokalak egiteko dirua lortzeko, eta kontzertuetan Bartzelonako, Zarautzeko, Idiazabalgo eta inguruko hainbat taldek parte hartu zuten. Diru horrekin lortu dute lokala behar bezala insonorizatzea.
«Autogestioaren bidea hartu genuen geuk sortzeko, eta horrek agian ekarri digu gu herriarekin hain gertu ez egotea eta era berean herria guregandik hain gertu ez egotea», dio batek. Hala ere, herriko pare bat musika taldek Txomenaneko entsegu lokala erabiltzen dute. «Oraindik gehiegi zehaztu gabe badago ere, asteazkenetan eta ostegunetan egiten dituzte talde ezberdinek entseguak, 17:00etatik 20:00etara. Ordutegi horren barruan egiten ahalegintzen gara, etxean bizi diren gainerakoei ez molestatzeko», diote.
Entseguak ezin ditu edonork egin: «Gure inguruko jendeari uzten diogu entseguak egiten, baina grabatu, nahi duten guztiek grabatu dezakete hemen».
Idiazabalgo Working Boys eta Saiak Zai taldeek entsegatzen dute bertan, eta etxeko kide batzuk parte hartzen duten Tarantula, Nerviosah eta Todo o Nada taldeek ere bai. Horrez gain, etxekoen lagun diren Happy End taldekoek ere entsegatzen dute. Entsegu lokalean bateriaren danborrak bertan egoten dira beti, taldeek ekartzen eta eramaten lan gutxiago izan dezaten.
Lokaleko irudi gehiago ikusteko eta lokala kudeatzen duen jendearekin harremanetan jartzeko aukera dago bestebatgrabaketak.blogspot.com blogean.