Horror vacui konstante bat
Lide Egizala • Arte zalea
Askotan hutsa ezerezarekin lotzen dugu, existitzen ez denarekin, eta ondorioz, balioa kentzen diogu. Obra askotan, ordea, hutsunea da haren funts nagusia: formen artean sortzen den espazioa, aireari igarotzen uzten zaion tartea.
Euskal artisten artean, Jorge Oteiza izan da hutsuneari esanahi artistiko berezia eman dioenetariko bat. Bere lanen artean dago, esaterako, Irekidura handia duen kutxa hutsa (1958).
Euskal Herrian hain ohituta ez gauden arren, munduan badira hutsuneari balio handia ematen dioten kulturak zein pentsaerak, ZEN filosofia, adibidez. Haren oinarrietako bat da espazio hutsaren balioa aitortzea, eta bai artean, bai eguneroko bizitzan ezinbesteko elementutzat jotzen da.
Saturazioaren kulturan, bete gabeko espazioak betetzen saiatzen gara etengabe, nolabaiteko horror vacui konstante batean. Ez gara konturatzen, ordea, hutsa ez dela beti bete beharreko zulo bat, hori gabe ez baitago sorkuntzarik, ez mugimendurik, ezta eraldaketarik ere.
Gainera, hutsak pausa egiteko aukera ere eskaintzen digu: forma eta pieza berriak non eta nola kokatu pentsatzeko aukera, gure burua entzuteko parada. Eta hutsik geratu zaizkigun espazioek ere eraikitzen gaituzte nolabait, falta denak ere bere aztarna uzten baitu, zenbaitetan, leherketa baten ondorengo isiltasunaren seinale baitira.
Oteizaren lanak hutsuneak bere baitan gordetzen dituen aukera amaigabeetan pentsatzera eraman nau. Azken batean, orri zuri batek gogoetarako espazio bat irekitzen digu, gure burua eta mundua ulertzeko dugun moduari beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera emanez.
Funtsean, zer izango litzateke bizitza gelditzeko, arnasa hartzeko eta berriz hasteko aukerarik gabe? Ba beharbada Irekidura txikia duen kutxa hutsa. ■

