Shahid Muhammad (Pakistan, 1988) Punjab eskualdekoa da. Bere herrialdean Batxilergoa ikasi zuen eta ondoren Ingalaterrara joan zen enpresa-ikasketak egitera. Iaz Euskal Herrira etorri zen. 16 hilabete daramatza Legazpin. DBHko hirugarren maila egiten ari da eta baita euskara ikasten ere. Legazpiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek asko baloratzen dute Muhammaden jarrera.
Zer moduz Legazpin?
Oso pozik nago. DBH eta euskara ikasten duen pakistandar bakarra naiz. DBH Helduen Hezkuntzan (HHE) ikasten ari naiz eta euskara, berriz, udal euskaltegian.
Zergatik etorri zinen Londresetik Legazpira?
Egun Alemanian bizi den lagun pakistandar batek gomendatuta. Hemengo bizimodua oso ona dela eta jendea oso jatorra dela esan zidan.
Zure gurasoak non bizi dira?
Gurasoak Pakistanen bizi dira. Eurek ahal duten diru guztia bidaltzen didate eta Aldundiaren laguntza ere jasotzen dut.
Zer asmo dituzu?
DBH bukatu nahi dut eta euskara ikasi. Egia esan, hizkuntzak oso gustuko ditut. DBH eta euskara ikasketak oso garrantzitsuak dira niretzat. Etorkizun oparo bat nahi badut, titulu horiek behar ditut. Hemen bizi nahi badut, euskara menderatu beharra dut.
Zer egingo duzu ikasketak bukatutakoan?
Egoera ekonomikoa oso txarra da, baina etorkizunean enpresa batean lan egitea gustatuko litzaidake.
Ez al duzu Pakistanera itzultzeko asmorik?
Ez. Han gauzak ez daude batere ondo. Hemen bizi nahi dut.
Gurasoak bisitatzeko aukerarik izan al duzu?
Ez. Lau urte daramatzat dagoeneko Europan, baina oraindik ez dut Pakistanera itzultzeko aukerarik izan. Gurasoen eta anaia-arreben hutsunea igartzen dut.
Europako bizimodua atsegin al duzu?
Bai. Dena den, Euskal Herrian jendeak Ingalaterran baino hobeto hartu nau. Han, etorkinak batere gustuko ez gaituzten taldeak daude.
Ingalaterran pakistandar asko bizi dira, ordea.
Beharbada horregatik, ingeles askok ez gaituzte gustuko. Lana kentzen diegula diote.
Euskal Herrian pakistandar gutxi zaudete.
Hala da. Dena den, gutxi batzuk ezagutzen ditut. Bertako jendearen artean ere lagunak egin ditut.
Zer egiten duzu aisialdian?
Denbora libre gutxi dut. Goizetan liburutegira joaten naiz, egunkariak eta liburuak irakurtzera. Nobela historikoa atsegin dut. Interneten nabigatzea ere gustatzen zait. 15:00etatik 21:00etara, berriz, eskolak hartzen ditut. Ondoren, etxeko lanak egiten ditut. Beste pakistandar batzuekin bizi naiz.