Duela bospasei urte probatu zuen lehen aldiz aizkoran Aitor Urteagak. Gustatu, eta hobetuz joan da ordutik.
Aitor Urteaga (Idiazabal, 1998) aizkora munduan izena hartzen ari den idiazabaldarra da. Igandean, esaterako, Joxe Ugarteburu lagun hartuta, Xabier Zaldua eta Xabier Dorronsororen aurka erakustaldia egin zuen herriko plazan.
Noiz hasi zinen aizkoran?
Naizoen Mundua taldea sortu aurretik herrian zegoen herri kirol taldean hasi nintzen, trontzan eta aizkoran Mikel zenarekin, Katalinarekin, Ugarterekin… Gero, Etxarrira joaten hasi nintzen, Sakanako Aizkora Eskolara. Berez Sakanako jendearentzat bakarrik da eskola hau, baina, erdia hangoa dudanez, ama Altsasukoa da, niri ere sartzen utzi zidaten.
Afizio garestia al da?
Bai. Gutxinaka sartzen joan beharreko afizioa da, nahiko garestia delako. Neure aizkora, orain bizpairu urte erosi nuen. Ordura arte utzitakoarekin ibili nintzen. 300 euro gutxienez balio dute aizkorek.
Nola entrenatzen zara?
Baserrian entrenatzen dut astean pare bat aldiz. Neguan teknika prestatzen dut gehienbat. Udaberri-uda partean, txapelketak hasten diren garaian, erresistentzia lantzen dut. Horrez gain, mendira joaten ere saiatzen naiz. Gimnasiora joatea ere gomendatzen dute udan lesiorik ez izateko, baina, hori ez zait gehiegi gustatzen (barrez).
Saio asko egiten al dituzu?
Asko ez. Urtean dozena bat edo. Txapelketak, berriz, Gipuzkoako txapelketan pare bat eta Euskal Herrikoan hiru egin nituen joan den urtean. Federazioan izen emanda nago eta aurkeztu, nahi adinatan aurkeztu nahiteke.
Zer da kirol honetatik gehien gustatzen zaizuna?
Oso polita dela gure artean dugun erlazio estua. Hori bai, egurraren gainera igotakoan bakoitzak bere buruari begiratzen dio, eh!.
Aurrera begira, jarraitzeko asmorik baduzu?
Bai. Pixkanaka gehiagora joan nahi nuke. Okerrena da egurra prestatzen eta libratzen aritzeko laguntza askorik ez dudala. Horregatik, 20 minutuko entrenamendua egiteko ordu eta erdi behintzat behar dut.