«Sevillara ondo heltzea eta ondo pasatzea da nire ametsa»
Axun Alkorta (Usurbil, 1948) Legazpiko Gautxori Txuriurdinak realzale taldeko kidea da. Bihar, Realak Kopako finala jokatuko du Sevillan eta Alkorta bertan izango da. Usurbilen jaio zen eta bere jaioterria asko maite du. «Usurbil Legazpi baino nahiago dut, hondartza gertu baitugu eta han ere mendia baitugu». Usurbildarra izanik, sagardo munduan lan egin zuen, 32 urterekin Legazpira ezkondu zen arte. Haurrak zaindu zituen, garbitzaile aritu zen Patrizio Etxeberria fabrikan eta Santikutz adinekoen egoitzako sukaldaria izan zen.
Zer zaletasun dituzu?
Pilota asko gustatzen zait. Binakako txapelketako finala sekulakoa izan zen. Altunaren jarraitzailea naiz, baina finalean Jon Ander Albisuk irabaztea nahi nuen.
Realeko gustuko jokalaria?
Imanol Agirretxe usurbildarra, noski. Anoetan ilara berean esertzen gara, gainera.
Pelikula edo telesail bat.
Goenkale asko gustatzen zitzaidan.
Liburu bat.
Aspaldian ez dut libururik irakurri.
Musika talde edo abeslari bat.
Benito Lertxundi asko gustatzen zait. Ondoko herrikoa da, gainera.
Abesti bat.
Benitoren Itsasoari begira.
Oporretarako leku bat.
Orio eta Hondarribia. Iloba bat Orion bizi da eta bestea Hondarribian.
Zer gosaltzen duzu?
Olo esnea eta ogi txigortua kaloria gutxiko gaztarekin eta azukrerik gehitu ez zaion menbrilloarekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ezkontza eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Senarrak egindakoak.
Amets bat.
Sevillara ondo heltzea eta ondo pasatzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagun onekin egotea.
Goierriko txoko bat.
Laubide taberna.
Legazpin biziko ez bazina…
Usurbilen, noski! ■

