Goi mailako txirrindularitza profesionalean dabiltzan gizonezko txirrindulariez gain, Goierrin badira beste hiru emakumezko txirrindulari, UCI mailako Lointek-Ueraga talde bizkaitarrean dabiltzanak. Ana eta Irene Usabiaga ordiziarrak eta Maite Murgia lazkaotarra dira. Errepideko denboraldia prestatzen ari dira, baina 2016ko Joko Olinpikoak ere jomugan dituzte. Hiruak elkartu ditu GoiBerri aldizkariak, bihartik aurrera argitaratuko den 48. zenbakian.
Horrez gain, Zumalakarregi museoak XIX. mendeko jantziak josteko abiarazi duen ekimena dela eta, Ormaiztegiko bainuetxearen urrezko garaiaren eta ordutik erabili izan diren jantzien errepasoa aurki daiteke. Gazteen atalean, KKinzona irratiak bere urteurrena ospatzeko antolatu duen jaialdiaren berri emango dute. Bestalde, mendi ibilbideen atalean, Aramako herrigunetik Artsuaga baserrira eta Muñotako askara doan bidearen inguruko azalpenak emango dituzte.