Udalbiltzak, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak, bere burua berrantolatzeko batzarra egingo du larunbat honetan. Dagoeneko 1.227 hautetsik eman diote babesa, tartean 153 alkatek. Horietako bat da Igor Eguren; Ordiziako alkatea ez ezik, Udalbiltzako talde sustatzaileko kidea ere bada.
Bere hitzetan, «Udalbiltza zazpi herrialdeetako udalerriak saretzeko erakunde bakarra da». Lehen ahaleginaren ondoren, ordea, «Espainiak kriminalizatua eta kondenatua» izan zen erakunde hori, nahiz eta gerora absoluzioa etorri. Bitartean, ordea, Udalbiltzaren eta Udalbideren arteko haustura ere gertatu zen. Martxoaren 3tik aurrera, lehen jarritako haziaren bidetik lanean jarraitu nahi dutela adierazi du Egurenek, oraindik dena baitago egiteko.
Elkarrizketa osoa, ostiral honetatik aurrera irakurri ahal izango da, GoiBerri aldizkarian. Gotzon Aranburuk egindako bideoan ikus daiteke elkarrizketa horretan esandakoen aurrerapen bat.