Eneritz Gorrotxategi
Hutsik dago. Beste milaka eta milaka lanpostu bezala, hau ere hutsik dago eta ondorioz, langabeziak gora egin du berriz ere. Baina ez da erraza antza ordezkoa topatzea, oraindik ez baitakite nolako profila behar den postu horretarako. Azkenak «nekea» argudiatu du ardura uzteko. Nahikoa ote? Ez naiz ni eztabaida horretan sartuko. Orain lana utzi eta atseden hartzera doala adierazi dute. Dagoeneko ez dira albiste izango bere bidaia motz eta luzeak nahiz zapata gorriak. Baina, hutsik geratu den postu horretarako, izango da bai hamaika hautagai baino gehiago! Ke zuriaren zain geratu beharko dute jarraitzaileek. Eta hurrengoak? Karguan jarraituko al du goikoak «kitto» esan arte? Edo etsi egingo du?
Pentsatzen jarrita, zera esango nuke: beste esparru batzuetako «goikoek» zergatik ez ote dute lehenago esaten «kitto» hori? Bat baino gehiagok hobe luke bada lanari utzi eta deskantsura erretiratzea. Lanari utzi, noizbait lanik egin badute, noski! Oraindik ez baitut ulertzen lanik egin gabe, besteen kontura dirua irabazteko batzuek duten formula hori. Dirutza irabazi, justifikatu ezinezko kaleratzea jaso, itsaso zabala zeharkatu eta opor zoragarriez gozatu ondoren kendu diete badaezpada bidaietarako aukera. Beste askori bidaia egiteko intentzioa izan aurretik kenduko zitzaien aukera, «badaezpada»-ko arrazoiak argudiatuta. Hauena ez da ke zuria; aurpegi latza da! Ikeako pastelek edota hainbat supermerkatuko hanburgesek baino ustel usain gehiago darie. Birziklatzeko ere ez dute balioko noski! Ratzingerrek izango ote du gela hutsen bat Gandolfoko gazteluan hauentzako?
Ion Muñoa
Gela hutsak? Seguruenik soberan izango dira Gandolfoko gaztelu horretan. Ez dakit ordea, Aita Santu emerituak etxelagun nahiko ote dituen halako perlak. Esango nuke ezetz! Batzuen lapur-curriculuma ikusita, etxeko komuneko papera ere arriskuan izango luke Ratzinger jaunak, eta seguruenik nahiago izango du halako buruhausterik gabe lasai atseden hartzea.
Deigarria da dena den, Aita Santu aukeraketaren prozesu mistiko, misteriotsu eta zergatik ez, morboz betetako hori! Komunikabideen arreta pizteko osagarri guztiak ditu: oso noizbehinka gertatzen da, sekretismo eta ezjakintasun handia egoten da… Deigarriena ez da hori, baizik eta Aita Santuaren figura politikoa bera: nik dakidala, aukeraketa bidez botere absolutista (legegilea, betearazlea eta judiziala) lortzen duen munduko agintari bakarra da. Badakit kardinal gutxi batzuek aukeratzen dutela, eta badakit espiritu santuak ere paper garrantzitsua jokatzen duela, baina hala ere, Borboitarrei eta Kim Jong-Un Ipar Koreako estatuburuari baino zilegitasun handiagoa aitortzen diot edozein Aita Santuri.
Kontuak kontu, Gandolfora joan gabe ere Arantzazun, Estibalizen edo Leiren, egongo da ziur gela hotzen bat libre gure inguru publikoan ditugun hainbat jendilaje erretiratzeko. Baina ez Aita Santuak eta are gutxiago fraideek, ez dute merezi halako etxelagunik. Ez ote da justuagoa izango Martutene edo Langraitz aldean gela hutsen baten bila hastea?