Izarra Urdanpilleta (Urraki bidaiak)
Udaberria badator eta horrekin batera Aste Satua ere bai. Data hauek tentagarriak eta egokiak dira goierritar askorentzat bidai bat edo irtenaldi bat egiteko. Aurten ere, beste urtetako legez, jende asko aterako da egun hauetan. Batzuk, jai egun diren bost egun hoietarako aterako dira, eta zorte gehiago dutenek aldiz, astebete edo hamar eguneko ihesaldia egiteko aukera izango dute.
Beste urte batzuekin alderatuta, aurten goiz dator Aste Santua, eta goierritarrak eta era berean Euskal Herritar guztiok eguzki gosez gaude. Hori nabaritzen da oporretara nora joan aukeratzen hasten garenean. Urte sasoi honetan Kanariar Irlak oso estimatuak dira gure artean, eta hara joango dira hainbat goierriatar aurten ere. Leku eta garai egokia da eguzkia hartu, paseatu, deskantsatu eta orokorrean tenperatura epelez gozatzeko.
Badira, hala ere, hondartzari muzin egin eta turismo hutsa egiteko gogo bizia dutenak. Goierritarren beste zati bat Europako herrialde desberdinetara joango da, Kroazia, Grezia, Turkia, Alemania… Leku desberdinak ezagutzeaz gain Europako hiriburuek duten xarma horrek ikaragarrizko ilusioa sortzen digu. Bertako kaleak, monumentuak, museoak, dendak… ia dena da erakargarri herrialde horietan.
Bidai luzeagoak egingo dituztenak ere badira, adibidez New Yorkera. Hiri itzela eta ikaragarrizko bizia duena da. Goierritar askok bisitatua jada eta beste askok bisitatuko dutena denbora gutxi barru. Inolako zalantzarik gabe errepikagarria eta errepikatzen dena.
Nola ez, klasikoak diren espainiar kostako hondartzetan ere inoiz ez da falta goierritarrik Aste Santuan. Bertako hotelek ematen dituzten zerbitzuak eta lasaitasuna ederki datoz gure lanaldiari parentesi bat jarri eta deskantsatzeko. Landetako bungalow politek eta bertako lasaitasunak ere Goierriko famili ugari erakartzen ditu eta, egia esan, urte sasoi honetan benetan merkea da bertara joatea.
Gehienek antolatuta eta lotuta dituzte aurtengo udaberriko bidaiak. Baina badira batzuk azken unera arte itxarongo dutenak beraien bidaia aukeratzeko. Hori, azken urte hauetan bizitzen ari garen krisi ekonomikoaren ondorioa izan daiteke edo eta azken unean mauka ikaragarri bat aurkituko dugunaren esperantza ere bai. Batzuetan suertatzen dira horrelakoak ere, baina denboraz ibiltzen denak asmatzen du gehienetan.
Denboraz antolatuta edo azken unean lotuta, egun gutxirako edo egun gehiagorako, merkeago edo garestiago, gertuago edo urrutirago, familian, lagunartean, bikoteka edo bakarrik, autobusez, kotxez, trenez, hegazkinez edo, zergatik ez, txirrinduz, oporrak beti opor. Daramagun bizimoduarekin, aisialdia da gure lagunik onena txango bat egin eta gure ilusioa eta gure indarra gureganatzeko. Oporrak denontzat opor, eta horrela izan dadila!