Jon Orbegozo (Urretxu, 1966) Urretxuko Joxe Mari Iparragirre institutuko orientatzailea da. 10 urte daramatza lan horretan; zein ikasketa egin aholkatzen die ikasleei.
Zein dira arrakasta gehien duten ikasketak?
Osasun arlokoek dute arrakasta gehien. Ikasle onek medikuntza, fisioterapia, biokimika, bioteknologia… ikasi nahi izaten dute. Horietan konpetentzia sekulakoa da. Horren zailak ez direnen artean, irakasle-ikasketek arrakasta handia dute. Hor ere nota ona behar da.
Zeintzuk dira behera egin duten ikasketak?
Humanistikoak, inongo zalantzarik gabe. Eta horien barne, batez ere, filologiek. Zientziak askoz ere prestigio handiagoa du gizartean.
Nesken eta mutilen artean ba al dago alderik?
Neskek osasun mundura jotzen dute, eta mutilek ingeniaritzara. Letretako ikasketak emakumezkoek eta hain onak ez diren ikasleek hautatzen dituzte.
Zertan oinarritu behar da gazte bat ikasketak hautatzeko orduan?
Benetan desio dutena egiteko aholkatzen diet. Ez da lagunek edo gurasoek aholkatutakoa egin behar. Ezin da bizitza osoa gorroto den lan batean aritu. Gustuko duten horrek lan egiteko aukerak eskaintzen dituen ere begiratu behar da, noski.
Gurasoek zer diote?
Gurasoen nahiak eta seme-alabenak bat ez datozenean gatazkak sortzen dira. Halakoetan nik ez dut ez batzuen eta ez besteen alde egiten.
Gazte asko joaten al dira unibertsitatera?
Unibertsitate-ikasketek prestigioa dute eta Batxilergoa nahikotasunez ateratzen dutenak unibertsitatera joaten saiatzen dira. Lanbide Heziketa, normalean, bigarren aukera da.
Ikasleei laguntza eskaintzen diezu erabakiak hartzeko orduan. Lan polita al da?
Bai, ez bainaute irakasle bezala ikusten, eta konfiantzaz etortzen dira nigana. Irakasle arrunt bati galdetzen ez dizkiotenak galdetzen dizkidate. Aholkatzeaz gain, informazioa eskaintzen diet. Kontsulta asko posta elektroniko bidez egiten dizkidate, eta gai sakonetarako nirekin elkartzen dira.