
Jon Plazaola
Eskuan baloia: zer dek, Stephane Collet! Beno, eta zer? Orain Qatarrera. Europan, denbora pasa, petrodolarrak mahai gainean jarriz futbol taldeak erosten dituzten jekeen altzora.
Urdangarini ihesbidea iritsi zaio itxuraz hain lagun ez zuen Valero Rivera eskubaloi entrenatzailearen eskutik, hala esan badaiteke. Gustatuko litzaidake Riverari paperean firma botatzerako orduan pistola kokotean nork jarri zion jakitea.
Valerok ez zuen Urdangarin (jokalaria) gehiegi maite, esaten dutenez. Baina nori axola zaio hori. Iñaki dianaren erdi-erdian jarri dute aspalditik, gorteko ohore gabeko traidore izendatua, herriak gorotza eta txistua bota diezaion.
Eta ez naiz ni izango bera defendatuko duena. Odola blaugrana izatetik blau bakarrik izatera pasa zenean eman zuen Urdangarinek pausorik arriskutsuena. Infantak inputatuta, haien semeak beraien oinei tiroka eta patriarka elefante ehizan dabiltzanen odoloraren kolorera transfusioa egitean, alegia.
2013an gaude eta jendearen odola irakiten ari da, gero ta gorriago. Urdindunak soberan daude. Doazela denak Qatarrera, eskubaloian edo dena delakoan aritzera.
Alex Areizaga
Arrastion Jeremy Brechet gaztea! Jamaika ikusteko jaio gara. Gure herrian, «colaboracion» edo «pertenencia» inputatzeko nahikoa litzateke kontratu berri hori. Urdangarin ihesi doa. Monarkiaren iheslari politikoa. Eta ez da lehena. Ejerzito batekin itzuliko al da Karlos V.a bezala eta koroa exijituz? Mantekilaz gainezka egiten duen palomita poltsa bikain batekin ikusteko modukoa litzateke.
Diru publikoa lapurtu duela diote. Monarkia ez al da ba betidanik hori izan? Espainian ez da zigortzen lapurreta; gaizki egindakoa soilik. Estiloa behar da; Armaniren trajeak eta gomina litro bat. «Hurto menor» delakoan titulatutako larruzko txupadun eta sardeska zorrotzdun lapurrak salagarriak dira; gizartearen gorotza. Inozenteak. Eta Espainiako espetxeak inozentez beteta daude.
Errugabeak espetxean, eta errudunak petrodolarretan itota. Estiloa edo estiletea. Zintzurrak merke daude Ebrotik bestaldera.
Euskal Herrian, lehen, harri bat altxatzean hamahiru txistulari eta bost ingeniari irteten ziren. Orain lapurrak irteten dira. Gominadun intsektuak, zoriontasuna dietetan neurtzen dutenak. Jarri pentsatzen: haiek montatu duten sistema ustel hau haiek ere errespetatzen ez badute, zergatik egin behar dugu guk? Bada garaia gauzak alda ditzagun, eta amesten dugun mundu hori sortzeko indar gehiago jar dezagun. Orain dugu aukera. Infanta beste zumarragar batekin maitemindu aurretik.