Mikel Aiestaran (Beasain, 1975) kazetariak zazpi urte daramatza free lance bezala, bere kontura kazetari lanak egiten, bere herritik milaka eta milaka kilometrora. Lana urrun egin arren, egun bi ume eta emaztea Azpeitian zain izaten ditu, bere «basean».
Sei urtean erredakzio lana probatu ondoren, mundu zabalean berekasa lan egiteko erabakia hartu zuen 2005ean. Asteazkenean hitzaldia egin zuen Beasainen, bere ogibidearen gazi-gozoak azaltzeko.
Non egin zenituen kazetari gisa lehen pausoak?
El faro de Ceuta egunkarian hasi nintzen karrera amaitzerako. Oso gazte atera nintzen etxetik, eta lana behar nuen. Gero Correon eta Diario Vascon aritu nintzen.
Nola hartu zenuen erredakzioko lana utzi eta mundu zabalera bakarrik albiste bila irteteko erabakia?
Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea. Motxila hartu eta aurrez ere Iraken, Libanon, Turkian… herrialde mordoska batetara bidaiatu nuen. Diario Vascon nenbilela hartu nuen erabakia. Erraztasun asko jarri zizkidaten eszedentzia bat hartzeko, eta halaxe abiatu nintzen.
Nora?
Amerikako Estatu Batuetara joan nintzen lehenengo. Bertan korrespontsal asko zeudela ikusi nuen, eta free lance gutxiago zeuden leku bat bilatu behar nuela ikusi nuen. Hiru hilabete igaro nituen bertan eta kazetari gisa zorte askorik izan ez banuen ere, asko ikasteko balio izan zidan: munduan zehar ezartzen diren ereduak ezagutu ahal izan nituen, kultura, bizimodua… Oso idealizatuta ditugula ikusi nuen, eta errealitatea ez dela horrelakoa.
Eta noiz hasi zinen gerra kazetaritzan lan egiten?
2006an Libanora joatea erabaki nuen. Eta ni iritsi orduko hasi zen gerra: Israelek Beiruteko aireportua bonbardatu zuen. Kasualitate hutsez nengoen han eta sekulako zortea izan nuen, halako albiste bat berehala emateko aukera izan bainuen. 33 egun segidan pasa nituen irratian, telebistan eta egunkarietan han gertatzen ari zenaren inguruan informatzen. Ordura arte, halako zerbait bertatik bizi eta kontatzea amesten nuen, eta zorte oneko kolpe bat izan zen hura niretzat gerra kazetaritzarekin hasteko.
Eta gero?
Orduz geroztik, 2011 urtera bitartean Iranen, Iraken, Afganistanen eta Pakistanen ibili naiz gehienbat.
Munduan gatazka asko eta mota askotakoak daude. Nola aukeratzen duzu zeini buruz informatuko duzun?
Hori nahiko markatuta edukitzen dut. Gatazka asko daude munduan, baina, batzuk ez dute saltzen; hori da diferentzia. Komunikabideek nahiko garbi izaten dute zertaz informatu nahi duten. Modak ere badaude honetan.
Eman dituzun albisteen artean, zein azpimarratuko zenituzke?
Momentu garrantzitsu askoren inguruan informatzeko aukera izan dut: AEB Iraketik irten zenekoa, Sadam Husein hil zutenekoa… Asko, asko…
Nola lan egiten duzu?
Lana asko aldatzen da non zaudenaren arabera. Informazio agentziek ematen duten informaziotik harago joaten saiatzen naiz beti: informalagoa eta pertsonalagoa. Kazetaritza lokala da egiten dudana, baina, oso egoera desegonkorretan. Beti ez naiz ari bonbardaketa baten berri ematen, baina bai gerraren ondorioez hitz egiten. Argazkilariek lehen lerroan egon behar izaten dute bonbardaketen irudiak hartzeko, baina, guretzako agian garrantzitsuagoa da atzean egotea.
Zer komunikabiderentzat egiten duzu lan?
EITB, Radio Francia Internacional eta Vocentoko komunikabideentzat egiten dut lan gehienbat eta gero kolaborazio puntual batzuk ere egiten ditut.
Horrez gain, zure webgunea ere baduzu. Zertarako?
Bai, www.mikelayestaran.com. Nik multimedian egiten dut lan, baina, sakabanatuta. Batzeko egin nuen web orrialdea. Internetekin komunikabideek dirua atera nahi dute, eta nik ere bai. Lan egiteko aukera gehiago ematen du Intenetek, batez ere interakziorako: kontaktuak egiteko bide ona da, onerako eta txarrerako. Zure inguruan Internet eta aireportu bat gertu badituzu salbatuta zaude.
Webgune horretan diozu hasi zinenean 10 kiloko motxila eramaten zenuela eta orain 24 kilokoa eramaten duzula. Zer daramazu barruan?
Ni beti bakarrik mugitzen naiz: nik bakarrik grabatzen dut albistea, neuk produzitzen dut eta neuk bidaltzen dut. Horregatik, bi bideo kamera, bi argazki kamera, bi mikrofono, tripode bat, iPad bat, iPhone bat, ordenagailu portatil bat eta satelite bat eramaten ditut.
Bina, badaezpada ere?
Bai. Herrialde horietan oso jende gutxik jakiten du horrelako makinak konpontzen. Horregatik bina eramaten ditut. Esaterako, Kabulen nengoen egun batean ordenagailu eramangarriko pantaila puskatu zitzaidan, eta ez nuen konpontzeko gai zen inor aurkitu.
Zeure burua babesteko zerbait eramaten al duzu?
AEBko soldaduekin joaten naizenean txalekoa eta kaskoa janztera derrigortzen didate, baina gainerakoan ez ditut erabiltzen. Ez da erosoa eta zibila naizen aldetik, zibil bezala joaten saiatzen naiz.
Eta arazo teknikoez gain, bestelako arazorik izaten al duzu berriak ematerakoan? Baimenak, informazioa ezkutatu nahia…?
Bai, traba izugarri egoten da. Ezin daiteke imajinatu ere egin zenbat baimen eskatu behar izaten diren: Iranen, esaterako, sekulako kontrola dago: ematen dizuten baimenak egun bakarrerako balio du, eta agian ordu bakarrerako ere bai. Muga oso handia da hori niretzako.
Erabat bakarrik ibiltzen zara, ala herrialde bakoitzean badakizu norengana jo?
NI ibili ia-ia beti bakarrik ibiltzen naiz, baina kontaktuak ere baditut herrialde bakoitzean. Joaten naizen herrialdeetan agian Bilbon baina erraztasun gehiago izango ditut. Lagun asko egiten dira.
Gerran esklusibarik ez dago, eta dagoenean handiek ematen dituzte. Batez ere lan konpatibilitatearen arabera ibiltzen gara: irudiak grabatu behar dituenak ezin du egunkarirako idatzi behar duenarekin ibili, biek gauza ezberdinetan behar dutelako denbora.
Krisialdiarekin, mota horretako kazetaritzan ere konpotentzia gehiago dagoela nabaritzen al da?
Bai. Konpetentzia asko igo da. Jendea edozein tokitara joateko prest dago orain huskeri baten truke. Berriemaileak ere gehiago daude orain… Lana bilatu egin behar da, bizimodua nahi duzun erara ateratzen laguntzen dizutenekin lan egiten saiatu behar da.
Lana gustuko duzula bistakoa da, baina, alde txarrik ere izango du, ezta?
Bai. Segurtasun falta da okerrena. Segurtasun falta dago, baina askatasun honek ez du preziorik.
Eta zurea gerra kazetaritza den aldetik, egoera oso gogorrak ikustea ere tokatuko zaizu, ezta?
Bai. Bonbardaketak ikustea, entzutea, usaintzea, sentitzea ikaragarria da. Goizean egunak argitu eta hildakoak ikustea ere oso gogorra da. Baina, gogorrena gelditzen dena da: bizirik gelditzen direnei gelditzen zaien panorama ikustea da niretzat gogorrena.