Nerea Elustondo
Zenbat aldiz ernegatu ote gara zerbait adierazi nahi eta ingurukoek beste aldera begiratzen dutela ikusita? Zenbat aldiz mindu ote gara, garela uste duguna eta besteek ikusten gaituzten modua ez datozela bat ohartzean?
Nola komunikatu behar dugun irakastea helburu duten ikastaroak eta komunikatzeko gailuak gero eta ugariagoak eta sofistikatuagoak diren inkomunikazio garaiotan, begirada interesgarria eskaini berri digute donostiartutako hiru goierritarrek.
Duela pare bat urte izan nuen estreinakoz lehen tipoko azidemia glutarikoa izenez ezagutzen den nahasmen neurologikoa duten Arrieta ahizpen berri. Txundigarria benetan! Ahotsa eta gorputzaren mugimenduak kontrolatzeko ezintasunak eraginda urteetan komunikatu ezinda bizi ostean, begien mugimenduaren bidez letrak airean idatziz elkarrekin komunikatzeko modua asmatu eta patentatu zuten duela 35 urte, Lurdes eta Mentxuk.
Jorge Gil Munarriz zuzendari legazpiarrari ere, ez zitzaion oharkabean pasa Beasainen sortutako bi ahizpa hauen biziraupenerako sena eta bi ahizpekin egindako elkarlanaren fruitu izan da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu duten El metodo Arrieta film dokumentala. Arrieta metodoa ezagutaraztea eta komunikatzeko zailtasunak dituztenei beste alternatiba bat eskaintzea dira dokumentalaren helburuak. Arrakastatsua izan da pantaila handira egin duten jauzia, izan ere, beronek jaso du film luze onenari ikusleek ematen dioten saria. Bejondeiela!
Ez al zaizu iruditzen gure burbuilatxoetan lasai ederrean bizi garenok asko daukagula ikasteko Mentxu eta Lurdes bezalako jendeagandik?
Gorka Azkarate
Asko daukagu ikasteko, bai, Mentxu eta Lurdesengandik, eta baita beraiek bezalako pertsonengandik ere. Asko. Zerbait esan nahi eta ezin besteek ulertzeko moduan adierazi, gogorra egoera. Gu ere tarteka ernegatuko ginen, bai, diozun moduan, zerbait esan eta ingurukoek beste aldera begiratzen dutela ikusita, baina ez dut uste Mentxu eta Lurdesek sentituko dutenaren hamarrena sentituko genuenik.
Horrelako hesiak haustea beti da pozgarria; sarritan ez da behar beste baliabide erabiltzen gaixotasun edo gabezia minoritarioei irtenbidea emateko, eta hori pena bat da. Gaixotasun honetan argi izpi bat ikusi dugu behintzat, eta hori ez da gutxi.
Kritika oso onak jaso ditu Munarriz zuzendari legazpiarraren filmak. Filma osorik ez baina pasarte bat edo beste ikusteko aukera izan dut eta zirrara eragin dit Arrieta ahizpek erakusten duten indarra, beraien begiradak adierazten duen bizi gogoa. Guztiontzat adibide dira, zalantzarik gabe.