
Nerea Soraluze, familiarekin batera, «lore kontutan» orain 16 bat urte hasi zen. Nekazaritza arloko ikasketak egin zituen Fraisoron, Zizurkilen, eta abeltzantza gustuko bazuen ere, bazekien «oso lanbide lotua» dela. Ikasketetako praktikak lore eta landare negutegi batean egin zituen, eta hango bultzadarekin, bere negozioa sortu zuen. «Hasierako asmoa etxean landareak haztea bazen ere, ezin izan genuen negutegi handiagoa ipini; aldapa asko dago hemen». Izan ere, Goierri garaiko nekazaritza mundua eta maldak estu lotuta daude.
Nafarroatik ekartzen ditu saltzen dituen landareak, eta gehienak kanpoan jartzekoak dira; balkoietan, lur sailetan edo etxe kanpoko lorategietan. «Orain, jendea lurrari lotuago sumatzen dut; landare eta lore artean norberak bere lasaitasun uneak bilatzen ditu gero eta gehiago». Duela 16 urte, negozioa martxan jarri zuenean lurretik urrunago ikusten zuen jendea, «egun, piperrak nondik datozen jakin nahi dute. Eskoletan sekulako lana egiten ari dira, eta umeek ere bestelako jakin-nahia dute; gurasook geure seme-alaben jakin-mina ase nahi dugu».
Udaberria euritsu hasi bada ere, urteko sasoi onena da hau landare eta lore salmentari dagokionez. «Aurten erosleak hotz daude oraindik, eta gu geu ere bai. Azokara joateko animoak falta zaizkigu euri azpian, eguzkiak ematen duen bizitasunaren falta sumatzen dugu. Eta, geuk sentitzen badugu, nola ez dute bada erosleek sentituko?». Landareen eta loreen salmenta, baratzeak bezala, hilabeteko atzerapenarekin datoz aurten. «Landare kontsumoan eguraldi txarraren eragina krisiarena baino handiagoa da, izan ere, jendea lore gosez dela esango nuke, eta landareen prezioengatik ihes egin duen eroslerik ez dut ikusi».
Urteak dira Soraluzek ez dituela landareen prezioak igo; geranio batek, adibidez, bi euro balio ditu. BEZ zergak, aldiz, igoera itzela izan du, eta %6tik %21era igo dute sektore honetan. «Landareak ere luxuzko produktua bihurtu dituzte, eta guri apurua ematen digu prezioak igotzea, guztiok egoera beretsuan baikaude».
Landare sorta
Geranioak dira Soraluzek gehien saltzen dituen landareak: «Hemengo klimara ederki ohitzen dira, eta zaintza ere erraza da». Alegriak egon badaude Soraluzeren negutegian, baina Etxeko Alegriarik ez dago jada. «Onddo batek jota dauka landare hau, eta oraindik ez dute sendatzeko tratamendurik aurkitu».
Gineako alegria, bikoitza eta eguzkitakoak baditu. Beti loratutako begoniak, petuniak, surfiniak, krabelinak… Horiek guztiak ondo moldatzen dira euskal lurrari lotuta.
Landareen zaintzari dagokionez, «formula magikorik ez dago, ez dira erlojuak, bero bada eta gu egarri bagara, beraiek ere egarri izango dira. Pazientziaz, seinaleei erreparatzen ikasi behar dugu».