Joxepa Madariaga
Frankismoan, edozer gauza egitea debekatua zegoenean, ezkutuka eta arrisku bizian ibilita, zigor gogorrak jasota, lan asko egin genian euskaldunok. Haurrekin, doako irakaskuntza utzi eta, ordainduz, bitartekorik gabeko baldintzetan, hainbat guraso eta euskaltzaleren lanari esker sortu genituen ikastoletan. Helduekin, alfabetatzea eta euskalduntzea martxan jarri genian. Ilunpeko lana, gau-eskolak, egun argitan fruitu ederrak eman zituena.
Joan huen Franco, bukatu huen frankismoa, formalki bederen, debekuak utzi eta libre gaituk euskaraz hitz egiteko (ez nonahi baina), ia-ia libre protesta egiteko, libre pentsatzeko, libre …; zer egiten diagu, ordea?
Debekuak, inposizioak eta errepresioak baditek xarma , motelena ere mugiarazten ditek, denok jartzen gaitiztek dantzan: adibidez, ez al ginen jende gehiago joaten Herri Urratsera, Senperera, mugan eta, mugara iristerako, nonahi kontrol zorrotzak jartzen zituztenean? Gaur egun ere jartzen ditiztek, baina ez garai batean beste, ez garai batean bezalakoak. Seaskako ikastolek, berriz, ekitaldi horren beharra izaten jarraitzen ditek. Adiskide batek esana egia ote? Mugan kontrol zorrotz eta gogorrak jartzen dituzten egunean antolatu eta beteko ditiagu herri bakoitzean autobus bat edo bi eta joango gaituk jendea, ez festara, baizik eta protestara, trumilka. Herri konkistatua gaituk eta hala izaten segitzen diagu. Hor zagok koska!
Lan asko egin diagu azken 50 urteetan, baina asko diagu egiteko hurrengo 50etan. Lazkaora etorriz, zorionak eta lanean segitzeko animoa San Benito Ikastolari (50 urte) eta Maizpide Barnegi-Euskaltegiari (25 urte).
Inazio Usarralde
Nik ere begirune eta ohore osoa San Benito Ikastolak eta Maizpide Euskaltegiak egiten ari diren lan oparoagatik. Nolanahi ere, nire gogoeta baikortasunaren eta ezkortasunaren arteko orekan kokatu nahi niken:
Baikor nagon, egundoko gazte pila euskaraz jantzi dugulako; halere, penatzen naun askori ez diolako jantzi horrek grazia handirik egiten, armairuan gordetzeko ez bada.
Baikor nagon, San Beniton milatik gora ikasle dabiltzalako; baina, mila horien hizkuntza hegemonikoa euskara ez dela erakusten zidan errealitateak.
Baikor nagon ikasle horien lazkaotar guraso asko ikusi ditudalako Maizpidera gerturatzen euskara ikastera; baina, ez dinat ikusten horiek gero herrian euskaldun gisa agertzen direnik.
Baikor nagon, aurten ikastolaren eta euskaltegiaren urteurrenak ospatzen ditugulako; baina, zerbaitek esaten zidan ez dugula jakin izan baliatzen aurtengoa herriari inorrosi-aldi bat emateko, euskara hizkuntza hegemonikoa izan dadin gure harreman sareetan.
Halere, egundoko konfiantza dinat gure gazteengan. Sasoi honetan asko selektibitatea gainditzeko ahaleginean ari ditun eta denek aterako diten, seguru asko. Bada, gure gazteek, oraingo proba alu hori gaindituko duten gisan gaindituko diten gure hizkuntza hegemonikoa bihurtzeko azterketa ere. Badinat konfiantza!