Zumarragari buruzko lehenengo datuak 1366koak diren arren, 1661. urtera arte ez zioten udalerri titulua eman. Antio inguruan sakabanatutako baserriek osatu zuten hasierako herria. XV. mendearen amaieran Urola errekara hurbildu zen biztanleria, eta lehenengo hirigune hura egungo Eitzaga auzoan eraiki zuten.
Denboraren poderioz, herria handitu eta zabaldu den heinean, Eitzaga Zumarragako kanpo aldean geratu da, egungo hirigunetik urrunago. Badago, bestalde, Eitzagako biztanleak bereizten dituen zerbait: nongotarrak diren galdetzean, zumarragarrak direla erantzun baino lehenago Eitzagakoak direla erantzun ohi dute gehienek.