Lierni eta Amaia Aranburu gabiriarrak eskulan-zaleak izan dira betidanik. Kakorratz-lanak egiten hasi ziren lehenik biak, Amaiak gurutze-puntua ere egiten zuen eta Beasaingo Artekan eskulangintza ikastaro batzuk ere egin zituzten.
Baina afizioari serio-serio heldu, duela urte gutxi heldu zioten. Bi ahizpak lanik gabe gelditu zirenean Donostian ikastaro bat egin zuten, eta hala hasi ziren, aurrez baino denbora gehiago ematen afizio honi.
Bikono formako Swarovski kristaltxo austriarrez eta Delika zilindriko japoniarrez egindako perlatxoak erabiltzen dituzte gehienbat Aranburu ahizpek euren bitxiak egiteko, baina, larruz, kakorratzez eta puntuz egindako materialak ere erabiltzen dituzte noizean behin.
Perlatxoak izugarri txikiak dira eta ordu askotako lana eskatzen die bitxi bakoitza egiteak. «Ezin ditugu kobratu egindako lanaren proportzioan; lan izugarria dute eta inork ez lituzke erosiko».
Diademak, eraztunak, lepokoak, belarritakoak eta pultserak saltzen dituzte, eta kakorratzez, puntuan edo fieltroarekin egindako zorrotxo bat ematen dute opari, erositako bitxia gorde ahal izateko.
Araiz bitxiak Goizargin
Ezkio-Itsasoko Ostatuan eta Mutiloako Orue landetxean saldu zituzten euren lehen aleak 2011 urtean, eta Gabirian egiten den Errezil Sagarraren Egunean ere jarri zuten postua iaz. Egun Zumarragako Julen dendan eta euren Gabiriako etxean, Goizargin, saltzen dituzte bitxiak. Enkarguz eskatutako bitxiak ere egiten dituzte.
Harremanetan jartzeko araiz.gabiri@hotmail.es-era idatzi edo 662 59 91 20 telefono zenbakira deitu daiteke.