Ordiziako Oianguren BHI ikastetxea Europa mailako Comenius egitasmoan parte hartzen ari da, Alemaniako eta Galesko bi eskolekin batera. Helburua DBH4ko eta Batxilergoko lehen mailako ikasleek beste kultura eta lan egiteko modu batzuk ezagutzea, talde lanaren garrantziaz jabetzea, gainontzeko herrialdeak errespetatzea, beste hizkuntza batean komunikatzea eta Internet eguneroko lanean erabiltzea da.
Oiangurenek bere bigarren ikasturtea du Comenius proiektuaren barruan. Galesko Ysgol John Bright School eta Alemaniako Staatiches Gymnasium Marie Curie ikastetxeekin batera lan egiten ari da.
Ikasleek Internetak eskaintzen dituen tresnak baliatuz ezagutu zuten elkar. Talde lana distantziara eginez eta ingelesa erabiliz, etorkizuneko lan mundurako prestatu dute euren burua.
Aurrez-aurre egoteko aukera ere izan dute. Aurreko ikasturtean Ordizian eta Galesen elkartu ziren eta honakoan Ordizian eta Alemanian.
Ikasturte honetan Puzzle europarraren puzzle zati harrigarriak egitasmoa garatzen ari dira. Helburua mahai-joko bat prestatzea da. Joko honetan Europar Batasunean zehar bidaiatu behar da, galdera ezberdinei erantzunez. Ikasleek gauza asko adostu behar izan dituzte: arauak, formatua, galderak… Horretaz guztiaz gain, kartak diseinatu, arauak idatzi eta fitxak egin dituzte.
Jokoa aurki jarriko dute Interneten eta edonork jokatu ahal izango du. Galdera batzuk Ordiziari buruzkoak izango dira.
Apirilean Alemaniara joan ziren prototipoa bukatzera, baina dena ez zen lana izan. Hartz eta otso babestuen parke bat eta Alemania zatitu zuen harresiari buruzko museoa bisitatu zituzten, besteak beste. Gainera, trenbidetik doazen bizikletetan ibili ziren.
Ordiziarrei Galesko ikastetxeetako diziplina eta alemaniarrek taldean lan egiteko duten abilezia deigarriak iruditu zaizkie. Galestarrek eta alemaniarrek, berriz, Euskal Herriko janaria eta euskarak Goierrin duen indarra azpimarratu dute.