Asko izan dira 70eko hamarkan hasita arrazoi politikoak direla medio ihes egin behar izan dutenak; gaur egun 500 bat iheslari politiko daude, horietako 100 inguru Ipar Euskal Herrian. Ezkututik atera eta hitz egitea erabaki dute. Horietako bat da Xabier Arin ataundarra. 1974. urtean ihes egin zuen Ataundik; «ihes egin beharrean gertatu ginen, oso egoera zailean, ze gogoan dut bi mila Guardia Zibilen hanka tartetik atera ginela herritik». Iparraldean zerotik hasita bizimodu berri bati ekin behar izan zion, eta garai zailak ezagutu zituen: AAA eta GALen atentatuak, kanporatzeak, konfinamenduak, espetxeratzeak… Gaur egun lasai bizi da Azkainen. Familia, etxea eta lana ditu, baina «beti dago nahi bat edo esperantza bat, egunen batez etxera itzuli ahal izatekoa».
Larunbat honetan euskal iheslari politikoek Miarritzen egingo duten ekitaldian parte hartuko du Arinek, eta goierritar guztiei egin die bertara joateko gonbitea. Ekitaldi horretan, bake prozesuarekin duten konpromisoa agertuko dute, eta beraien egoerak ere konponbidea behar duela aldarrikatu. «Kolektibo bezala nahi genukeena da gatazka honi irtenbidea eman behar zaion momentuan, estatuekin konponbide hitzartu bat behar dela aipatzen denean, presoekin bezala, iheslariekin ere gauza bera egitea, hau da, bide orri bat markatu, ze egoeratan dagoen jendea eta ze pauso eman behar diren jende horrek etxera etortzeko bidea izan dezan».
Erreportaje osoa, bihartik aurrera irakurri ahal izango da GoiBerriren 63. zenbakian.