Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteak antolatzen duen Legazpi Hiria argazki lehiaketako sari banaketa izango da gaur. Hamalaugarren aldia bete du aurten sariketak, eta bertako zein kanpoko 181 argazkilarik hartu dute parte bertan. Guztien artetik, Carlos Mediavillak (Iruñea, 1957) jasoko du herriko lan onenaren saria.
Mediavilla Iruñean jaio bazen ere, hilabete gutxirekin etorri zen Zumarragara bizitzera, eta orain ia 30 urtetik Urretxun bizi da. Soldaduska amaitu zuenean erosi zuen bere lehenengo argazki kamera, eta ordutik ez dio argazkiak ateratzeari utzi.
Herriko lan onenari saria irabazi duzu Legazpi Hiria lehiaketan. Espero zenuen?
Lehiaketa batera aurkezten zarenean, beti dago esperantza txiki bat. Dena den, naturari buruzko argazki bat aurkeztu dut aurten, beste batzuen artean Legazpi Hiriara, jakinda, normalean gisa horretako argazkiek ez dutela arrakastarik izaten. Hala ere, epaimahaiko kide bati asko gustatu zitzaion antza, eta horregatik emango didate saria.
Ikatza argazkilari elkarteko lehendakaria izanda, ondo ezagutzen duzu lehiaketa.
Egia esan, lehiaketa bera osasuntsu dago. Bertako eta kanpoko 181 argazkilariren lanak jaso ditugu aurten, 665 guztira. Josu Altzelai eta Josu Venegas elkarteko kideak aritu dira buru belarri aurten lehiaketa prestatzen.
Nondik nora datorkizu argazkiarekiko zaletasun hori?
Ama jartzen dut beti erreferentzia bezala. Izan ere, haurra nintzenetik oroitzen dut ama kamera bat eskuan, familiako argazkiak ateratzen. Garai hartako argazki asko gordetzen ditugu etxean. Polita da, gure bizitzaren trantsizioa adierazten dute.
Noiz hasi zinen zure kabuz argazkiak ateratzen?
Gaztea nintzela, 20 bat urterekin esango nuke. Algecirasen egokitu zitzaidan soldaduska egitea. Amaitu nuenean, Ceutara joan ginela oroitzen dut, eta han erosi nuen nire lehenengo argazki kamera: MG1 Yashica bat. Etxean gordeta daukat oraindik.
Kamera erosi eta hasi zinen argazkigintzan zaletzen, hortaz.
Bai. Garai hartan Urretxun argazkigintzan aritzen ziren hainbat lagun izan nituen irakasle. Vierbucher anaiek, esaterako, ikastaroak egiten zituzten eta horrela hasi ginen. Asko ditut gogoan; tartean, ezin Gorka Salmeron aipatu gabe utzi.
Nolako oroitzapenak gordetzen dituzu hasiera haietatik?
Oso politak. Laborategiko uneak oroitzen ditut bereziki. Paper mota eta argazki-film ezberdinekin aritzen ginen probak egiten. Orduak ematen genituen bertan, esperimentatzen. Niretzako dena zen berria garai hartan, aurkikuntza etengabea izan zen.
Garai hartan egin zinen Urretxuko Argazkia elkarteko bazkide.
Bai. Esperientzia polita izan zen. Elkartean batak bestearengandik ikasten genuen, baina, orain 15 bat urte elkarteak funtzionatzeari utzi zion, bakarrik geratu nintzen, eta horrela egin nintzen Legazpiko Ikatzako bazkide. Urretxukoak, gerora, berriro hartu zuen martxa, eta gaur egun ere jarraitzen du. Ni, hala ere, oso gustura nago Ikatzan, oso ondo zaintzen naute.
Legazpin bereziki, baina baita eskualdean ere, argazkigintzarako zaletasun handia dago.
Argazkigintza sustatzeko lan asko egin da zentzu horretan, bereziki Legazpin. Ikatzak bizitza asko dauka, beti gaude ekintza ezberdinak antolatzen. Helburu nagusia, kamera ahalik eta gehien mugitzea da.
Legazpi Hirian saria emango dizute gaur arratsaldean, baina ez da jasotzen duzun lehendabizikoa. Lehiaketetara aurkeztu zalea al zara?
Lehiaketetara sarri aurkezten naiz, baina nahiago ditut argazki rallyak. Ondo aritzen naiz rallyetan, gozatu egiten dut, eta hori nabaritu egiten da azkeneko emaitzan. Unean uneko argazkiak ditut gustuko; uneak, xehetasunak jasotzea. Ordenagailuan argazkiak konpontzen ez naiz batera ona, eta edizioa ikasten ari naiz orain. Agian, horregatik ibiltzen naiz erosoago rallyetan.
Teknologia berriak aipatu dituzu. Zertan aldatu da, batez ere, argazkigintza?
Garai batean argazkia bilatu egin behar zen. Gaur egun, posible da argazki bat ordenagailuaren aurrean eserita egitea. Nik, hala ere, kaleko argazkiak ditut nahiago, bat-batekoak. Dena den, teknologia berriek aurrerakuntza asko ekarri dute: argazkia ateratako momentuan ikusi ahal izatea, unean bertan partekatu ahal izatea, artxibatzea, internet bitartez bidali ahal izatea… Teknologia berrietara egin beharra dago. Garai batean digitalean ez nintzela arituko esaten nuen, baina orain, gustura nabil.
Kamera beti gainean eramaten duten horietakoa al zara?
Ia beti. Kamera txiki bat daukat eta ateratzen naizen gehienetan gainean eramaten dut. Amorrua ematen dit argazki bat ikusten dudan unean kamerarik eskura ez izatea. Obsesio ere bihurtzen da zenbaitetan, horregatik, kamera etxean utzi eta paseatzera bakarrik irteteko saiakera egiten dut tarteka.
Ze argazki mota ateratzea duzu gustuko?
Batez ere naturarekin zerikusia dutenak. Orain animaliekin nabil buru belarri. Argazkia, azken batean argia da, eta hori bilatzen saiatzen naiz. Hala ere, edozertara irekita nago. Azkenaldian, adibidez, kirolak harrapatuta nauka errugbia aurkitu dudanetik.
San Ferminetan ere ez duzu inoiz hutsik egiten.
Urteroko ohitura bihurtu da. Ez dakit zehazki zer duten San Ferminek, unea izan daiteke, korrikalarien keinu bat aurpegian, xehetasun bat. Momentico bat, Iruñean esaten den bezala. Goizetan izaten naiz, korrida eta bere inguruan eguerdira arte sortzen den giroa gustatzen zaizkit.
Argazki on batek zein ezaugarri izan behar ditu, zure ustez?
Enkoadraketa on bat izan behar du, argi bereziren bat eduki, bat-batekoa izan, unea edo xehetasuna jasotzen duena, plastikoa eta, batez ere, ikusteko atsegina izan behar da. Azken batean, saririk onena ateratako argazki bat norbaiti gustatu izana da.