Gorka Azkarate
Ekaina da, uda ate-joka dugu, udaberri euritsu hau poliki-poliki atzean uzten ari garela ematen du eta uda garaiko festa eta ospakizunak iristeko ez da asko falta. Guztiok horretarako gogoa daukagula esatea ez da gehiegikeria. Une honetan udazkenera begira jartzea lekuz kanpo egon daitekeen arren, halaxe egitea erabaki dut, datorren udazkenean gure arreta osoa bereganatuko duen bertsolari txapelketa nagusiaren beste edizio bat jokatuko baita, irailaren amaieran hasita.
Lau urtez behin gauzatzen den ospakizun handi hau euskaldunon komunitateak ikusmin handiz jarraitzen duen ikuskizuna da, bertsozaletasun soilaz harago doan gertakari soziala eta kulturala baita. Zaletu andana mugiarazten du saio bakoitzak, zer esanik ez azken urteetan Barakaldoko BEC-en jokatu den finalak.
Orain dela gutxi egin zen txapelketaren estraineko aurkezpena, baina klabe garrantzitsuenen berri aurrerago da. Zerbait aurreratzerik bai, Nerea? Izan ere, parte hartzekoa zara, ezta? Entzun dugu saio batzuk euskal geografiako leku ez hain «ohikoetan» egingo direla… Goierritarrik ez da faltako txapelketa nagusian, eta ikusi egin behar bakoitza noraino iristeko gauza den. Seguru nago aurten sorpresaren bat edo beste egongo dela. Ez duzu uste?
Nerea Elustondo
Azken hilabeteotakoa udaberria izan ote den sinesteko nahikoa lanekin gabiltzan honetan udazkenari begira jarrita? Bitxia da gero bi hankako animalia arrazionalon joera! Iraganera itzultzea ezinezkoa dela jakitun eta etorkizunera iritsiko ote garen ziurtasunik gabe, harrigarria zait orainaldian bizitzeko daukagun zailtasuna ikustea. Ez Gorka, ez naiz Horacioren carpe diem quam minimum credula postero esaldi ezaguna betez etorkizunik ez balitz bezala bizitzeaz ari, baina baditut udazkena iritsi aurretik bizi nahi nituzkeen hamaika hitzordu.
Gaiari ihes egin nahian nabilela pentsatu duzu honezkero. Ez da nire asmoa. Zenbaitek gainean ikusten duzuena urrun xamar ikusten dut nik, besterik gabe. Ospakizun handia eta garrantzitsua da Bertsolari Txapelketa Nagusia, bai. Zaletu andana biltzen du Bec-eko finalak ere, ados. Dena dela, zure hitzei tiraka eta ezer gutxiesteko edo inor mintzeko inolako desiorik gabe, pozik jakingo nuke euskaldun komunitatearen zein portzentaje ote den Txapelketa Nagusia «ikusmin handiz» jarraitzen duena. Txiki izaten ohituta gaudenok handia erraldoi ikusteko tentazioa izaten ez ote dugun…
Beraz, udazkeneko kontuak uda azkenerako utziko ditut. 43 partaidetatik goierritarrak 5 direla/garela besterik ez dizut aurreratuko. Zu seguru zaude sorpresak izango direla. Nik ez dakit zer esan. Sorpresa ere hain da gauza subjektiboa…