«Burua da erabili ezin dena, arrazonamendua kanpoan utzi behar da. Intuizioari, sentitzen denari kasu egiten jakin behar da». Aurrean duenari begietara begiratu eta bien arteko loturatik bestearen sentimenduak, minak eta gertaerak sumatzen ditu Ilargik. Ez du, ordea, etorkizuna iragartzen, bere egitekoa orientazioa ematea da, «bakoitzak bere etorkizuna bere erara molda dezan».
Hamalau urte zituela ohartu zen dohai baten jabe zela. Esoterismo munduan Ilargi ezizenez ezagutzen den goierritar neska gaztea da bera. Irailetik Euskadi Gazteako Dida saiorako iragartze saioak ere egiten ditu, baina, orokorrean Iruñean hartzen du jendea, bertan bizi baita. Lanbidez, irakasle lanetan aritzen da. Hasieran batere erraza izan ez bazen ere, naturaltasunez bizi du gaur egun egiten duena; «zoriontsu egiten nau jendeari laguntzeak», dio berak.
Eskuak irakurri zein tarot kartak botatzen ditu Ilargik. Berak dioenez «zein bide hartu behar den» erakusten saiatzen da. Argi du berak etorkizuna, neurri handi batean, bakoitzaren esku dagoen zerbait dela. «Etorkizuna ez dago idatzita, gure ekintzen arabera aldatzen den zerbait da. Momentuan pentsatzen dugunaren arabera jokatzen dugu eta horrek ondorio batzuk ekarriko ditu, pentsaera aldatzen badugu beste ondorio batzuk izango ditu. Nigana arazoak dituen jendea etortzen da, gehienbat, eta ni bultzadatxo bat ematen saiatzen naiz, zein bide hartu dezakeen, zein herreminta dituen…», azaltzen du.
Gogoan du Ilargik, egun batez ikaskide batekin probatan hasi eta zer gertatuko zitzaion iragarri zuenekoa. Inguruko norbaitek istripuren bat izango zuela sumatu zion lagunari eta beldurra ere sentitu zuela dio urrengo egunean hala gertatu zela jakin zuenean. «Zorionez ez zen ezer larririk gertatu, baina ni ere harrituta geratu nintzen!», gogoratzen du.
Gaztetxoa zen artean eta hasiera hartan etxekoei beldurra ematen zien mundu horretan sartzea. «Oso zaila da, zu zaren hori ezkutatu beharra. Ez nintzen ausartzen nire dohaia jendaurrean agertzen», dio. Bultzada handia eman zion 16 edo 17 urte zituela bere amaren izeba bat ere iragarpen kontuetan aritzen zela jakiteak: «Zurrunbilo bat sortu zitzaidan barruan, borroka bat hasi nuen nire beldurren aurka». Besteek espero zutena izateari utzi eta bera zen bezala agertzen hasi zen. Gaur egun egiten duena normaltasun osoz egiten du eta familia zein lagunak «euskarri garrantzitsu» ditu.
Sinetsi ala ez
Esoterismoa ikusteko moduari dagokionez, mundu horretan jarduten dutenen artean ere ezberdintasunak daudela dio Ilargik. «Batzuk botere absolutua dutela uste dute, dena beraiek dioten bezala gertatzen dela… nik ez dut horretan sinesten. Nik pertsona bakoitzak duen gaitasunean sinesten dut», dio Ilargik.
Jendeak «fartsa» edo «gezur» moduan ikustea, berriz, «ulergarria» da berarentzat. Hala ere, ziur dago bakoitzak bizitako esperientzien ondorio dela esoterismoan sinestea ala ez. «Kartek asmatzen duten edo ez? Batzuk baietz diote, besteek ezetz. Azken finean, biak egiak dira. Bakoitzaren esperientziaren araberakoa da».
Trantzean sartzean
Iruñeako autobus geltoki berrian maiatzaren hasieran egin den Esoterismo Azokan izan da Ilargi; urteroko gisan, abuztuaren 2tik 12ra Donostiako Miramar Jauregikoan ere egongo da. Eskuko marra batek zer esan nahi duen baino, aurreko pertsona horrekin zer sentitzen duen dago jokoan. Beldurra sentitu izan du batzuetan eta negarrari eutsi ezinda ere ibili izan da aurrean zuenaren mina sentitzen zuelako. Berezia da jendearekin lortzen duen konexioa: «Batzuetan trantze batean sartzea bezala da. Gertatu izan zait norbait ondoan dudala eta hitz egiten didala nabaritzea. Informazioa jasotzen ari naiz momentu horretan eta ahaztu egiten zait non nagoen, ez naiz esaten ari naizenaren jabe».
Bezeroekin harreman intentsoa izan arren, amaitzean ahaztu egiten du jasotako informazio guztia. Ohartzen da Ilargi bere burua asko arriskatzen duela egoera horietan, horregatik, urteen poderioz, mugak jartzen ikasi du. Berak dioenez «kontuz ibiltzekoa da, ni kaltetuta atera naiteke».
Maitasunaz galdezka
Bitxikeria asko entzun eta bizitzea tokatu zaio Ilargiri. Hala ere, bere esperientziaren arabera, gehien errepikatzen den galdera maitasunari buruzkoa da. «Ikaragarri gustatzen zait jendeak maitasunaz galdetzen duenean». Era berean, azken urteetan jendea lanarekin ere arduratuta dabilela ohartu da. «Gutxien osasunaz galdetu didate niri; osasunean zer gertatuko den jakiteak beldurra ematen duelako izango da, ez axola ez duelako».
Oraindik ere harrituta gogoratzen du Miramar Jauregiko Esoterismo Azokan emakume batekin bizi zuenekoa. Ilusioz hartu zuen emakume heldu batek maitasunaz galdetzean; baina, hara non ezustekoa senarra noiz hilko zen galdetu zionean. Haserretu eta ez ziola erantzungo esan zion.
Inoiz ahaztuko ez dituen momentu politak ere bizi izan ditu. Hunkituta gogoratzen du urte batzuk lehenago haurrik eduki ezinda joan zitzaion emakumea, geroago ume eta guzti agertu zitzaionekoa, esaterako. Albiste txarrak ematea ere tokatu izan zaio. «Kontuz ibili behar da nola esan, baina dena esaten dut. Biziak gauza onak eta txarrak ditu». Tarota lagungarri du Ilargik eta jendea orientatzen jarraitu nahi du. «Ikusiko dut biziak dakarren. Itxaroten gelditzen bazara, egon zaitez eserita. Ez bazara zu zure kabuz hasten, aldaketak ez dira etorriko. Hori da nire bizi filosofia».