Mari Mujika (LAB sindikatuko kidea)
Raxoik 2012ko uztailean eginiko erreformaren ondorioz Euskal Herriko langileok hitzarmenak galtzeko zorian gaude. Hitzarmenaren indarraldia bukatu eta urtebetera akordiorik egon ezean maila altuagoko hitzarmena izango da aplikagarri, hitzarmenak bere aplikagarritasuna galduz. 2012ko uztailaren 7an publikatu zen erreforma, momentu horretan indarraldia bukatuta eta negoziazioak irekita zituzten hitzarmenak 2013ko uztailaren 7an galduko dute beren indarra, metalgintza kasu. Honez gain, enpresako itunei orain arte ez zuten garrantzia ematen die, indarrean egonik ere hitzarmena ez aplikatzea errazten die enpresei etab.
Lan harremanen desarautzea, urteetan lorturiko eskubideen galera, langileen atomizazioa… bilatzen duen erreformak patronalak eginiko eskaerekin bat egiten du bete-betean, eta hemengoak ez daude beraientzat goxoki gozoa dena galtzen uzteko prest.
LABek herrialdeko hitzarmenaren defentsa sutsua egiten jarraitzen du. Gipuzkoako langile guztientzat txapela lortu eta ahalmena duten enpresetan baldintzak hobetzearen alde gaude enpresa itunen bidez. Orain Gipuzkoako langile guztiontzat gutxienekoa izango den hitzarmena lortzea lehenesten dugu, edukidun eta aplikagarria den hitzarmena, horrela lortuko baitugu erreformari aurre egitea. Adegiren posizioa mugitzeko mobilizazioa eta borroka ezinbestekoak ditugu, bere posizio erosotik mugitzeko lantegiak astintzea. Hori lortzeko hainbat greba egun burutu ditugu, Maiatzaren 24an, Ekainaren 17, 19 eta 21ean. Eskualdean erantzun zabala izan du grebak, 24koa orokorra, eta Ekainaren 17, 19 eta 21ekoek erantzun leunagoa. LABetik grebaren alde eginiko langile guztiak txalotu nahi ditugu, zuen determinazioarekin soilik egingo baitugu aurrera, eta grebaren alde eginiko lana onartu eta eskertzea dagokigu gure delegatu guztiei, zuen militantziarik gabe ezingo baikenituen borroka hauek guztiak aurrera atera.
Ez dugu ulertzen Gipuzkoan metalgintzan gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, eginiko hautua, erreforma ontzat eman eta enpreseteko itunetan soilik zentratu baitu bere ekintza sindikala. Eskualdeari begira jarriaz, ezin esan dezakegu enpresetara zabaldu duenik borroka, enpresetan, beraiek deituriko greba egunei ere ezezkoa eman baitiete euren delegatuek zuzendaritzarekin batera lerrokatuz, enpresa guztietan, ituna izan edo ez.
Mahaieko beste sindikatuok hitzarmenaren sinadurarako gutxiengo batzuk adostu ditugu, LABek edukidun hitzarmen bat soilik sinatuko baitu eta metalgintzako negoziazio mahaiean ondorengo proposamena egin dugu:
- KPIari loturiko soldata igoerak.
- Ultrajarduna 3 urtekoa (hitzarmenaren indarraldia bukatu eta beste bat sinatu arte aurrekoa indarrean mantentzeko epea)
- Blindajea. Hitzarmena ez aplikatzeko bi aldeen arteko akordioa beharrezkoa izatea.
Adegik berriz soldatek eta erreformaren klausulek bere horretan jarraitzea defendatzen jarraitzen du. Patronalaren posizioa mugitzeko mobilizazio berriak beharrezkoak izango dira eta Uztailaren 7tik aurrera ere borrokak jarraituko du, Gure hitzarmena defenda dezagun, gurea eta denona!