Tere Madinabeitia
Uda iritsi zaigu azkenik, Idoia, eta nire etxeko gaztetxoek, etxe gehienetan bezala, bainu kontuak besterik ez dituzte buruan eguzkiak berotzen duen egunetan. Gureek aurten hondartza eta igerilekua zapaldu dituzte, baina etxetik asko urrundu gabe ari dira gehien gozatzen, errekan.
Etxe ondo ondotik igarotzen zaigu erreka, eta oso handia ez bada ere, udan hankak bustitzeko adina ur eramaten du. Gorago, ordea, putzuak osatzen ditu, eta putzu horietan gorputz osoa sartzeko aukera dago, baita metro pare bat igeri egiteko ere. Ura hotza, oso hotza, egoten bada ere, hantxe ibiltzen dira gustura gure mutikoak, garai batean auzoko neska-mutiko guztiak ibiltzen ginen bezalaxe. Guk ez genuen behar igerilekurik, ezta hondartzarik ere. Guk, gure putzu «karratua» eta putzu «redondoa» genituen. Bat ez, bi aukeran. Hantxe igarotzen genituen gure udako oporraldietako arratsalde beroak.
Gaur egun gauzak asko aldatu dira, eta jaio orduko igerilekua eta hondartza ezagutzen dituzte haurrek. Gutako gehienok ez genuen horretarako aukerarik izan, ez behintzat koskortu arte. Baina guk erreka genuen. Eta inguru hauetan errekan bainua hartzeko ohitura urteetan baztertuta egon bada ere, pozez ikusten ditut azkenaldian gure Urola jaioberri honetara hurbiltzen hasi diren neska-mutikoak.
Idoia Luzuriaga
Bai, zorionez iritsi da uda. Eta honekin aire librera egin daitezkeen planak! A ze luxua, Tere, bustitzeko erreka etxe ondoan izatea. Zer den umetan bustitzeko putzua… Eta gainera, lasaitasuna baldin badago, dena eginda. Azken finean, plan sinplearen xarma da hori. Naturak emandako ondareaz gozatzea, urrutiegi joan gabe. Horretan, herrietan bizi garenok sekulako zortea dugula uste dut. Askotan, gure seme alabek, gu txikitan bezala, etxeko atetik irten eta gurasorik gabe eta lagunartean ondo pasatzeko aukera dute. Etxetik gehiegi urrundu gabe diozu, eta hortxe kokatzen dira haurtzaroaren oroitzapenik goxoenak.
Egia da orain umeek gure garaian baino aukera gehiago dutela, zentzu batean behintzat, eta zenbaitetan erraza egiten zaiela etxean, telebista, internet, wii-a eta beste aparailuekin denbora-pasa gelditzea, baina uste dut, hauei ere, garai guztietakoei bezala, benetan gustatzen zaiena lagunartean errutinatik ateratzen dien zerbaitetan ibiltzea dela, eta naturan bada, hobe.
Bizikleta, kainaberak, baloia, bokadiloa eta lagunartea eta guzti honetaz gozatzeko denbora. Askotan ezer gutxi gehiago behar dute gaurko haurrek ere «sekulako uda» pasa dutela esateko, helduok, batzuetan, urrutira eramatearekin tematzen bagara ere. Gauzak asko garatu dira, bai, eta zuk diozun bezala, jaio orduko eramaten ditugu handik hona. Baina esentzian, gauzak ez dira horrenbeste aldatu, eta etxe ondoan non bustitzeko txokoa izateak luxua jarraitzen du izaten.
Ondo zaindu eta asko gozatu Urola.