Goiekik eta Ugassak sustatutako Esperientziaren Foroak indartsu jarraitzen du. Aurten hamabigarren promozioan, 14 goierritar aritu dira, «guztiak 50 urtetik gorakoak ziren, kezka desberdinekin eta bere denbora aprobetxatzeko nahiarekin». Esperientziaren Foroan, ikasketa proiektu honetan elkartu dira eta gai desberdinak garatzeko aukera izan dute. «Landutako gai guztiek dute oinarrian pertsonaren aberastea eta inguratzen gaituen errealitatea ezagutzeko erraztasunak lantzea».
Asun Telleria da azkeneko promozioko ikasleetariko bat, eta «kalitatezko dastatze menu» bezala deskribatu du Esperientziaren Foroa, «gaitegi oso zabala eta interesgarria duena eta aparteko irakaslez osatua». Era berean, «elkarteen bidez lan handia eta interesgarria egiten ari den jendea ezagutu dut».
Pako Gorrotxategik ere oso gustuko izan ditu gaiak eta irakasleak. «Taldeko parte sentitu naiz, batetik parte hartzea landu delako, eta bestetik, gaur egun azaltzen ez diren edo ohikoak ez diren gaien inguruan ikasitakoagatik».
Julia Harto oso pozik dago bizitako esperientziarekin, «etapa bat gehiago izan da nire garapen pertsonalean; lagun berriak eman dizkit. Horrekin batera, gai desberdinetan ezagutza berria eskuratu dut».
Santi Zurutuza ikasle ohi batek animatuta joan zen Esperientziaren Forora eta bi hitzetan laburbildu du Esperientziaren Foroak emandakoa: «Ezagutzak hobetu bizitzako etapa berri honetan bidelagun izateko».
Matrikula zabalik
2013-2014an Esperientziaren foroan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko, 10:00etatik 12:00-etara 943 10 65 72 telefonora deituta. Informazio gehiago ere bertan emango dute. «Esperientziaren Foroa ez da ohiko eskola bat: asistentzia ez da nahitaezkoa, apunterik ez da hartu behar, informazioa erraztu egiten baita, eta noski, ez da azterketarik egin behar».