Festa egunak izango dira datozen egunak Ordizian: Euskal Jaiak (egitarau osoa ikusi liburuxkan). Asteazkena, hilak 11, iraileko azoka berezia egunik handiena izaten bada ere, Ordiziako gazteek eta kuadrillek biharkoa izango dute egun handia. Emaneurre taldeak antoaltuta, aurten ere, III. Kuadrilla arteko Herri Kirol txapelketa jokatuko baitute, Plaza Nagusian.
Aurten, lehiaketaren ordua aldatu dute. 17:30ean hasiko dira kanporaketak, «plaza inguruan dabilen jendetza erakarri eta plaza giroari berotasuna eman asmoz», diote Emaneurrekoek. Finala 21:00ak inguruan jokatzea espero dute.
Gero eta arrakasta handiagoa duen ekimena da Emaneurrek antolatutakoa. 14 taldek hartuko dute parte herri kirol txapelketan: Pluying, Emaneurre, Rockus, Sophomores, Tzulo, Km 39, Monolio Pirulak, Bidegora, Enfermeras Asesinas, Bekause, Gauss, Buff, Herrira eta Embiel. Zortzi laguneko taldeak dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten ez da ingudearen proba egingo, eta haren ordez, asto karrera egingo dute. Aizkolariaren erakustaldia ere prestatu dute. Bi aizkolari ariko dira lehian, eta bi aizkolariek, finalera iritsitako bi taldeekin jokatuko dute azken saioa. «Aizkolari azkarrena, sailkapen fasean denbora onena egiten duen taldearekin ariko da finlean; bigarren aizkolaria, berriz, 2. talde finalistarekin».
Afaria
Kirola aitzakia hartuta, mahaiaren bueltan elkartuko dira parte hartzaileak eta hala nahi duten herritarrak. Afarirako menua, txerri errea izango da. Egun osoan burruntzian erreko dute txerria. Sagardo kupela ere bertan jarriko dute. Afarirako txartelak 6 eurotan eros daitezke Kantoi, Kirikil, Urdin, Sugaar, Orlegi eta Herriko tabernetan.