Xiba proiektuan lan egin du urte askoan Eñaut Telleriak (Segura, 1977). Proiektu haren amaierarekin batera iritsi zitzaion Kilometroak jaian Ikastolen Elkarteko Koordinatzaile izateko proposamena, Igor Elortza ormaiztegiarrak hamahiru urtez bete zuen postua, hain zuzen ere.
«Kilometroak guztiek dituzte gauza komunak, baina, bakoitzak bere ukitua du. Nire lana, urtero errepikatzen diren lanak lotzea da», dio Telleriak. Horren barruan, hamahiru batzordetan banatzen dituzte egin beharrekoak: «Trafikoa, osasuna, protokoloa, zirkuitua, segurtasuna…». Tartean, urtean zeharrerako lotuta dauden ekintza jakinak ere badaude, hilero egiten den ekintza parea: Rrealeko partida, saskibaloi partida, bizikleta eta patinen martxa, Ahora Astea, Bonberenea txarangarekin eta abeslari ezagunekin egindako kontzertua, bertso-saioa… Ekintza sorta horrekin 2012ko azaroan hasi ziren, eta dendan ere urte osoan ari dira produktuak saltzen, kalean zein kilometroak.net orrialdean.
Aurtengo Kilometroak berezi egingo duten ekintzen artean, erronka proba egongo da. 14-16 urte bitarteko 100 gaztetxo inguruk egingo dute Erronka, ariketa ezberdinak eginez. Bestalde, gune ezberdinen artean gelditzen den ibilbidean ere «sorpresak» aurkituko dituzte Kilometroakera joaten direnek: Tolosako eta inguruetako musika taldeak, esaterako.
Dena karta bakarrean
Urtean zehar egiten diren ekintzak asko badira ere, karta bakarrean ia-ia dena jokatzen den partida da Kilometroakena, eta eguraldiak pisu handia izan ohi du karta horretan. Beraz, «zirarekin bada ere», Tolosara gerturatzeko deia egin du Telleriak.