Orain hogei urte baino gehiago Legorretako eskola nazionala eta ikastola batu ziren. Batuketa horretatik sortu zen Ugaro herri ikastetxea. Ordutik, udaletxeak emandako lur-sailean baratze ekologikoa izan du eskolak. Ikasturte honetan sukaldaritza tailerra berreskuratu dute, eta baratzeko produktuekin sukaldean lanean jarri dituzte ikasleak.
Ugaroko irakaslea eta baratzearen arduraduna da Iñaki Mezquita, eta berak azaldu duenez, «ongarri kimikorik ez erabiltzeko hautua» egin zuten hasieratik. Erabiltzen dituzten ongarri biologiko gehienak beraiek ekoitzitakoak dira, bestela inguruko nekazariekin konpontzen dira. «Orain 18 urte bakarrik erabili genuen ongarri kimikoa, izurrite bati aurre egiteko izan zen».
Ikasleak sukaldean
Hasierako udal lur haietan hirigintza lanak egiteko arloa eskatu zien Legorretako Udalak. Orduz geroztik, Eredu-enea eta Ederfil kooperatiben lankidetzarekin berotegia eta baratze-mailak jarri zituzten eskolan bertan, eta fruta arbolak ere badituzte.
Ikasleek baratzetik ateratzen dituzten produktuak etxera eraman izan dituzte, eta aurten sukaldaritza ikastaroa martxan jarri dute berriz. Tailerrean baratzeko produktuak aprobetxatuko dituzte, eta ikasleak, esate baterako, bertako tomateekin arituko dira sukaldean.
Legorretan baratze ekologiko gehiago dago. Udalak 22 arlo ustiatzeko aukera eman die herritarrei.