Datorren astean Ordiziarrock jaialdiaren 10. edizioa egingo dute Ordizian. Aurten joko duten taldeei dagokionez, denetik egongo da: rock musika, musika lasaia, bertako taldeak, kanpokoak… Ostegunean Goierriko hiru neskek osatzen duten Dhuna taldeak eta Ekeko el Perro ordiziarrak joko dute D’elikatuzen.
Ostiraleko kontzertuari dagokionez, herriko lau taldek joko dute: T3NA, Zutik Dirau, El Cerdo que Grunge eta Perros del Norte. Larunbatean, berriz, bi kontzertu egongo dira. Lehenengoan, arratsaldekoan, herriko bi taldek joko dute: Twin Melody eta Starblues.
Gauean, jaialdiko kontzertu garrantzitsuenak izango dira. Lapurdiko The Sparteens taldeak, Ordiziako Cabbage City rockers taldeak eta Don Letts DJ arituko dira. The Sparteens taldeak punk eta rock abestiak 60ko hamarkadako orkestren moduan jotzen ditu.
Cabbage City Rockers talde ordiziarrari dagokionez, The Clash talde mitikoaren abestiak jotzen ditu. Talde hau 70eko hamarkada erdialdean sortu zen eta hamar urte beranduago desagertu, baina arrastoa utzi zuen. Musika mota ezberdinak uztartu zituen eta askok jarraitu dituzte euren pausoak.
Garai hartan eman zituen Don Letts-ek lehen pausoak musika munduan. Punk mugimenduan zeresan handia izan zuen eta dokumental entzutetsuak egin ditu.
Egitaraua – Ordiziarrock jaialdia datorren ostegunetik larunbatera ospatuko da.
- Osteguna. 18:30ean D’elikatuz aretoan, Dhuna eta Ekeko el Perro taldeak.
- Ostirala. 18:30ean entsegu lokalen ate irekiera, 19:30ean kantu jira, 21:00etan kantu afaria eta 22:30ean kontzertuak frontoi irekian: Zutik Dirau, T3NA, El Cerdo que Grunge eta Perros del Norte.
- Larunbata. 19:00etan kontzertuak plazan (Twin Melody eta Starblues) eta 23:00etan kontzertuak frontoian (The Sparteens, Cabagge City Rockers eta Don Letts DJ.