Auzipetuta dauden sumarioak duela 11 eta 4 urte hasi baldin ziren ere, udazken honetan hasiko da epaiketa Herriko tabernen auzian (35/02 sumarioa) eta ezker abertzalearen gazte erakundeen aurkako auzian (Jarrai-Haika-Segi auzia). Goierriko hiru lagun daude inputatuta: Jon Gorrotxategi beasaindarra Herriko tabernen auzian, 10 urteko kartzela zigor eskariarekin; eta Ion Telleria idiazabaldarra eta Xumai Matxain zaldibiarra Segi auzian, seina urteko eskaerarekin —AVT akusazio partikularrak 12 urte eskatzen dizkie—.
Hirurek argi diote «lan politikoa egiteagatik» daudela prozesatuta. ETAko kide izatea leporatzen diete denei. Gazte erakundeen aurkako epaiketa astelehenean hasiko da, 40 inputaturekin. Herriko tabernena urriaren 17an, 36rekin. Denera 150 bat lagun eseriko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean akusatuen aulkietan, Herrikoen kultur elkarteetako arduradunek ere zitazioa jaso baitute.
«Herri honetan disidentzia politikoa zigortua izan da, ez da lan politikorako eskubiderik izan. Oraindik gaur, nahiz eta beste garai batzuetan egon, eskubide horrek urratua jarraitzen du», dio Gorrotxategik. Batasunaren Mahai Nazionaleko kide zen Baltasar Garzon epaileak 35/02 sumarioa abiarazi zuenean. Artean legezko alderdia zen, gainera, Batasuna. «Betidanik, guk egin dugun lan politikoa erakunde legaletan egindakoa izan da».
Telleriak Segiren barruan lan egiten zuen, auzia 2009an hasi zenean. «Epaiketa hau mozkorraldi errepresibo baten ondorioa da, ezker abertzalearen eremu guztiak lekuz kanpo utzi nahi dituela. Denei jotzen hasi ziren, Garzonen ‘dena da ETA’ logika horren pean. Gazteen aurkakoa razzia bat izan zen; harrapatu zituzten bai ezker abertzaleko egitura politikoetan lanean ari ginen jendea, baina baita gaztetxeetan edo gazte mugimenduetan lanean ari zen jendea ere».
Eta epaiketa jarri diete
Bigarren multzo horretan zebilen Matxain, Goierriko ikasle mugimenduan. Polizia operazioetan 200dik gora gazte atxilotu zituzten. «Zaldibian ibiltzen ginen, ikasle mugimenduan. Ez neukan ardura organikorik edo politikorik. Eurek jartzen dizkigute ardurak, baina ez. 2009ko azaroan 34 atxilotu gintuzten. Gu denok izan ginen torturatuak, bakarren bat kenduta, gaixo zegoelako edo. 2010eko eta 2011ko sarekadetako atxilotu gehientsuenak ere torturatuak izan ziren, Espainian atxilotutakoak behintzat», deitoratu du Matxainek.
Urte askoren ondoren, epaiketarako data jarri diete. Orain jartzea, «aukera politikoagatik» izan daitekeela dio Gorrotxategik, hainbat arrazoiren artean. 11 urte eta erdi daramate baldintzapean. «Momentu honetan, PPren gobernuak ez du nahi, inondik ere, gatazkarekin lotutako ondoriorik konpondu; horrekin, besteak beste, benetan Euskal Herrian auzi politikoa lehen lerroan jartzea galarazten duelako. Horri dio beldurra».
Egiteko dauden epaiketen zain beste 200 bat euskal herritar zain daudela gogoratu du, eta haiei begira, oraingo auziek zigorra izango dutela «garbi» dauka, nahiz eta justizia-argudioak ikusita —edo argudiorik eza: sumarioan prostituten aldeko elkarte bat ere badago, Askabide —, «absoluzioa espero beharko» lukeen.
Telleriak ere uste du epaiketek Madrilen aldetik «erabilpen politikoa» izango dutela. «Azkenean, hau arazo bezala ikus dezakegu; eta hala da. Baina nik aukera bezala ere ikusi nahi nuke. Gure epaiketaren ondorioa baldin bada gaur konponbidearen alde dagoen jende kopurua bihar handiagoa izatea, merezi izango du. Eta horren ondorio izan dadila Madril damutzea jendea epaitzen».
Kostu ekonomiko handia epaiketek iraun dezaketen hilabeteetarako
Epaiketek denbora, ahalegin eta diru xahupen handiak eskatuko dizkie 76 inputatuei eta zitazioa jaso duten 110 elkarteetako arduradunei. Gazte erakundeen auzian 12 saio bakarrik daude data jarrita; «berez 40-50 izan beharko lukete», dio Telleriak. Hilabeteak iraun dezakete ahozko saioek. «Gure kalkuluetan, bi auzietan milioi bat euroko kostea egon liteke, jarrita dauden datekin. Hortik aurrera, hilabete bakoitzeko 200.000 euroko gainkostea izango du. Epaiketa bera zigorra izango da», dio Gorrotxategik.
Hainbeste jende batera sartzeko, Auzitegi Nazionalak Madril inguruko industrialde bateko pabiloia erabiliko du, ohiko aretoaren ordez. Epairik ez badago ere, dagoeneko 80 urteko kartzela zigorrak bete dituzte denen artean, behin-behineko kartzelaldietan. Eta fiantzatan denera 1,7 milioi euro ordaindu dituzte.
Kostuei aurre egiten laguntzeko eta elkartasuna biltzeko, hainbat festa egingo dituzte, Goierrin. ‘Libre’ dinamika ere abiarazi dute (libre.epaiketarikez.org), sustenguak jasotzeko.