Ylenia Moralesek (Ordizia, 1995) Ordizia eta Hernani taldeetan jokatu du. Madrilera joan behar zen ikastera eta Hernaniko nesken taldeko arduradunak Atletico de Madril taldekoekin harremanetan jarri zuen. Bigarren taldearekin ari da jokatzen.
Nolatan hasi zinen futbolean?
Umetan zaletu nintzen. Altamiran bizi nintzen eta lagunekin zelaira joaten nintzen jolastera. Eskola kirolean ere futbolean jokatu nuen eta ondoren Ordizia taldean hasi nintzen. 4. DBHn Hernanira joan nintzen, Ordiziak nire adinekoen talderik atera ez zuelako.
Egun Madrilen bizi zara.
Fisioterapia ikasi nahi nuen eta Bilbon nota oso altua eskatzen dute. Hori dela eta, Alcorcongo unibertsitatera etorri naiz. Hernaniko nesken taldeko koordinatzaileak Atletico de Madril taldekoarekin hitz egin zuen eta probak egin zizkidaten.
Zer moduz Atleticon?
Bigarren taldean nago, eta maila oso altua da. Taldekide asko umetatik daude talde honetan. Ez dut jokatzeko presarik, nire helburua ikastea baita.
Lehen taldeetako jokalariekin harremanik ba al duzu?
Majadahondan entrenatzen dugu, eurek bezala, eta batzuetan lehen taldeko neskekin entrenatzen dugu. Sekulako maila dute. Mutilek ere bertan entrenatzen dute, baina gutxiagotan ikusten ditugu. Batzuek eurekin argazkiak egin dituzte, baina nik oraindik ez.
Vicente Calderon zelaian egon al zara?
Oraindik ez naiz partidarik ikustera joan, baina webgunerako argazkiak bertan egin zizkiguten. Profesionalen pare sentitu nintzen. Izan ere, talde handia da eta txikiek baino diru gehiago inbertitzen du halako gauzetan.
Madrilen gustura bizi al zara?
Madrileko bizimodua ondo dago, baina Ordiziakoaren oso ezberdina da. Era guztietako pertsonak bizi dira hemen. Herri txikietan denok elkar ezagutzen dugu, baina hemen ez. Batzuetan mesedegarria da. Hori bai, familia, lagunak eta janaria faltan sumatzen ditut. Bestalde, El Retiro parkea asko gustatzen zait.
Gero eta neska gehiago zabiltzate goi mailako futbolean.
Neskak kirola egitera animatu nahi ditut eta gizarteari eta erakundeei nesken kirola babesteko eskatu. Taldeko kirolak pertsona bezala hazteko oso onak dira.