Heriotza bizitzeko eta ulertzeko moduak asko eta ezberdinak dira mundu zabalean. Baina tokian tokiko kulturari eta ohiturei estuki lotutako gertaera da kasu guztietan. Hileta-erritualen jatorria eta antolaketa garaiaren, kulturaren, hildakoaren maila sozialaren era gizartearen erlijio-sinesmenen araberakoa izan da historian zehar. Kolektibo bereko kide diren pertsonentzat, heriotzak eragin psikologiko, soziologiko eta sinboliko handia du. Are gehiago, kultura ezberdinetan hildakoak tratatzeko duten moduari begiratuta, heriotzari buruz duten irudia nolakoa den eta zer nolako giza irudia duten ere ondoriozta daiteke.
Euskal Herrian ere heriotza bertako ohiturei eta, batez ere, erlijio kristauari zuzenki lotuta egon da eta dago gaur egun ere, nahiz eta maila txikiagoan izan. Gaiari buruz badu zerbait esateko Iñaki Oyarbide beasaindarrak. Oyarbide ehorztetxea kudeatzen duen familiako hirugarren belaunaldia da berea.
Dioenez, bere aitonak, Mateo Oyarbidek, hasi zuen familia negozioa. Arotza zen lanbidez eta «aroztegia ireki zuen 1944an Beasainen, gaur egun La Salle ikastetxea dagoen eraikinaren ondoan». Altzariak egiten zituen Mateok eta, «behar zenean hilkutxak ere bai». Ordu hartan ez zegoen altzari dendarik, ezta gaur egun ezagutzen diren ehorztetxerik edo beilatokirik ere. Hildakoren baten abisua jasotzen zenean «aitonak hilkutxa egiten zuen eta zegokion etxera eramaten zuen», bertan familiak hildakoari beila egiteko. Ondoren, hileta elizkizunetarako «orgatila hartuta mugitzen zen hilkutxa etxetik elizara».
Ignazio Oyarbide Iñakiren aitak jarraitu zuen Mateok hasitako negozioan. «Aitonaren eta aitaren garaien artean ezberdintasunak gutxi izan dira lanbideari dagokionez», dio Iñakik. Aitarekin «lanbidea profesionalagoa» bihurtu zela gaineratu du, hala ere. Aldaketaren bat aipatzekotan, familiak erosi zuen lehendabiziko hileta-autoa aipatu du Iñakik. «1962an erosi genuen, Dodge markako auto bat zen». Hileta-autoa lortzea ez zen lan erraza izan, Ameriketako Estatu Batuetatik ekarri zuten, «ondoren autoa moldatu behar izan genuen, garai hartan ez baitziren hileta-kotxeak egiten». Bigarren auto bat ere erosi zuten 1968an.
1973an ireki zuen Oyarbide familiak Beasainen lehenengo altzari denda. «Altzariak egiteari utzi genion, tailerra itxi eta kanpotik erositako altzariak saltzen hasi ginen». Berdin gertatu zen hilkutxekin ere: «Kanpoan erosten hasi ginen, gaur egun bezala Valentziatik ekartzen genituen gehienak». Ehorztetxeko kudeaketa altzari dendan bertan egiten zuen Oyarbide familiak orduan oraindik ez baitzuen horretarako leku fisikorik.
Beilatokien sorrera
Beilatokien sorrera izan da, dudarik gabe, negozioan eta hildakoei azken agurra ematerako unean iraultza suposatu duen gertaera, Iñakiren iritziz. «Orain 12 urte ireki genuen lehenengo beilatokia Beasainen», dio. Aldaketa handiena beila egiteko unean «gorputza etxetik atera eta beilatokira ekartzea» izan da. Oraindik orain, bada hileta ordura arte hilotza etxean edukitzen duenik, baina «gutxiengoak dira».
Azken hamarkadetan gizartea asko aldatu da, eta Euskal Herrian heriotzari lotutako ohiturak oraindik ere oso errotuta dauden arren hau ikusteko eta bizitzeko moduak ere aldatu dira. Aldaketak «errazago eman dira hiri handietan, herri txikietan oraindik gehiago kostatzen da», zehaztu du Iñakik.
Beilatokien sorrerak hildakori beila egiteko modua errotik aldatu zuen. Orain ez horrenbestera arte «hildakoa etxean edukitzen zen gela batean eta familiak eta lagunek errezoan gurtzen zuten zendutakoa, hileta unea iritsi bitartean». Orain, beilatokian egiten da hori, baina guztiz modu ezberdinean. Azken batean beilatokian egiten dena «ekintza sozial bat da».
Hildakoa prestatzeko moduak ere ez du garai batekoarekin zerikusirik. Gaur egun «tanatoestetika bezala teknikak jarraituta hildakoa ahalik eta itxura onenarekin mantentzea bilatzen da». Makilatu egiten dituzte, edo gorputzeko zuloak tapatu helburu hori lortzeko. Hil-jantziak ere «beilatokian bertan izaten ditugu, eta hemen inguruan gorputza estaltzeko zetazko oihalak erabiltzea da ohikoena». Dena den, tokian tokian ohitura ezberdinak mantentzen dira oraindik «Tolosan esaterako, hildakoak arroparekin janzten dituzte oraindik orain ere».
Aldaketak, dena den, ez dira aipatutako horretara mugatzen soilik. Orain hamarkada batzuk «hildakoa erraustea sakrilegiotzat har zitekeen», baina gaur egun oso ohikoa bihurtu da. Gorpuari lur ematea da ohikoena oraindik ere, «herri txikietan edo adineko pertsonak oraindik bizi diren familietan», batez ere. Baina errausketa gero eta gehiago ematen da eta «errausten diren gorpuen zenbatekoa lur ematen direnen parean» dagoela dio Oyarbidek. Zegoen eskaerari erantzuteko asmoz, Oyarbidetarrek 2011n ireki zuten erraustokia Beasaingo Salbatore auzoan.
Hildakoari azken agurra emateko moduak ere aldatuz doaz. Gaur egun gehien errepikatzen den erritua elizakoa den arren, badira hileta zibilak egitea aukeratzen dutenak, edo beste gabe «ezer prestatu gabe familiaren intimitatean hildakoari agur esaten diotenak». Gaur, Domu Santu eguna izaki inoiz baino presenteago egongo dira falta direnak. Egiaz, antzinako tradizioa badirudi ere, mende erdi bat baino ez du usantza honek. Dena dela, eta ohiturak ohitura, heriotza bizitzari lotutako gertakaria den bitartean, hildakoak beti izango dira gizakiaren kontzientzian.