Hunkitu egin nau orain dela gutxi Leonen jazo den gertaera tristeak. Sei lagunek, seirak meatzariak, bizia galdu dute ia 700 metroko sakoneran lanean ziharduten bitartean. Ezusteko eraso ikusezin batek lapurtu die azken arnasa. Grisu izeneko gas madarikatu horrek ez baitu biriketan sartu aurretik aterik jotzen; ikatz beltz artean sortutako zirrikituetatik atera eta, gupidarik gabe, hilgarri bihurtzen du airea.
Pola de Gordoneko istripuak gogora ekarri dit Leongo eta Asturiaseko meatze guneetako herritarren kasta. Inoiz bertan egon denak badaki zertaz ari naizen. Minako lanaren gogortasuna eta arriskua inork baino hobeto ezagututa ere, badute asturiarrek eta leondarrek halako lotura sakoneko bat ogibide horrekin. Geratzen diren ikatz ustiategiak isteko zorian daudela jakiteak –agintarien utzikeria lagun– ez du ahuldu atxikimendu hori. Agian, badakitelako horixe izan dela arbasoen bizibidea, denboraren joan-etorrian, agian, badakitelako aberastasun-iturri izan direla lurpeko ondasun horiek.
Oraindik ere gogoratzen dut La Pola Llavianako (Asturias) biztanleek, iazko herriko festetako egun handian, zer nolako sentimenduz abesten zuten En el pozo Maria Luisa kanta. Meazuloan hiru lagun galdu dituen langilearen istorioa da, saminez beteriko kanta, Santa Barbara bendita izenez ere ezaguna. Lehen aipatutako atxikimendu sakoneko horren erakusgarri da ereserki hori.
Euskal Herrian ere garrantzitsua izan da, Asturiasen eta Leonen moduan gaur arte iraun duen arren, meategien presentzia eta eragina. Goierrin baditugu horren lekukotza ugari. Aralarren, adibidez, orain dela ez asko arte martxan izan ziren meategiak. Aldi berean 160 bat langileren jarduna hartu omen zuten paraje haiek, garairik oparoenean. Anastasio Balerdi amezketar artzainak kontatua da behin, mina horien inguruko bide bazter batean, meatzari bat aurkitu zuela konortea galduta. Bizkarrean hartu eta salbu jarri behar izan zuen, bere onera etortzen zen bitartean.
Orain dela gutxi egindako aurkikuntzek erakusten dutenez, 3.500 urte badituzte Aralarreko zenbait aztarnek. Euskal Herriko zaharrenak omen dira Arritzagan arakatu dituzten hainbat osin, arrakala eta meazulo eta, arkeologoek diotenez, meatze lanetan zailduta zegoen jendeak egin zituen. Euskal lurrek kanpotik zetozen herriengan sortzen zuten interesa azaltzeko baliagarri izango omen dira arrasto horiek guztiak.
Zerain, Mutiloa eta Legazpiko meatze guneetako aztarnak ere hor daude, iragan aberats baten lekuko. Hauek, agian, ezagunagoak bazaizkigu ere, goierritar askok ez diogu merezi duen arretarik eskaini gure historiaren bilakaeran hain garrantzitsua izan den aktibitateari. Errazagoa zaigu ikusaraztea eta aitortzea –gutxitxo bada ere– baserriak eta nekazaritzak gurean izan duen eta duen garrantzia; konturatu gara, baita ere, industriaren garapenak berebiziko eragina izan duela eskualdearen garapenean. Baina ez gara askotan gogoratzen beste hainbat ogibide gure-gureak ditugula, edo izan ditugula, behintzat.
Euskal Herriaren itsas historiaren garrantzia aldarrikatzen dutenei askotan entzun izan diegu: euskaldunok ez omen dugu gure historiaren kapitulu handienetako hori ezagutzen. Eta agian berdina esan genezake meatzaritzari dagokionez ere.
Zerain, Mutiloa eta Legazpiko herriek egindako lanari esker, gertu-gertu daukagu iragan aberats hori ezagutzeko aukera paregabea. Aprobetxatu beharko genukeena. Hemen ere, Asturiasen nahiz Leonen baino tamaina apalagoan bada ere, izango ziren istripu latzak, istorioak, kantak eta ohiturak. Agian, abestuko zioten Santa Barbarari. Ez dakit hainbesteko atximendurik edo loturarik izango zen, baina ondare hori guztia gabe zaila da gure egungo Goierri ulertzea. Lurpean ere baditugulako sustraiak.