Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak atzerrian ikasteko Erasmus bekak kenduko zituela esan zuen joan zen astean, eta sekulako zalaparta sortu zen. Bere alderdikoek ere aurre egin zioten eta hurrengo egunean aurten ez dituela kenduko esan zuen. EHUko ikasleek ministroaren azken ateraldiaz duten iritzia jasotzeko, GOIBERRIk Edurne Urrestarazu idiazabaldarrarengana jo du. hau Islandiara joatekoa da idiazabaldarra urtarrilean.
Urrestarazuk 20 urte ditu eta Gizarte Antropologia ikasten ari da Donostian. Unibertsitate ikasketak hasi aurretik, argi zuen Erasmus beka eskatuko zuela. «Nire inguruan jende asko joan da kanpora ikastera, eta niri ere asko gustatzen zait bidaiatzea. Gaztelania hitz egiten ez duten toki batera joan nahi dut, txoke kulturala bizi. Islandiara joateko aukera suertatu da eta toki exotikoa iruditu zait. Urtarriletik maiatzera joango naiz eta ingelesa praktikatzeko aprobetxatuko dut».
EHUn, kezka gutxi
Wertek esandakoek ez dituela euskal ikasleak asaldatu dio. «Gu ezin gara gehiegi kexatu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren laguntzak ere jasotzen ditugu. Espainiako toki batzuetan, ordea, ministerioaren diru-laguntza bakarrik dute. Andaluziarrek, adibidez, ez dute Juntaren eta unibertsitatearen laguntzarik».
Gainera, herrialde batetik bestera alde handia dago: Europa iparraldean bizitza Europa hegoaldean baino askoz ere garestiagoa da, adibidez. Dena den, guztiei diru kopuru berbera ematen diete eta horrekin eta eurek irabazitakoarekin edo gurasoek emandakoarekin moldatu behar dira egonaldia ordaintzeko.
Erasmus bekek ikasleen artean arrakasta handia dutela dio. «Gehienok atzerrira joateko asmoa dugu, baina batzuk ezin dute diru falta dela eta».
Urrestarazuk ia dena prest du dagoeneko. «Islandiari buruzko informazio asko bildu dut. Paisaia ikusgarriak dituzte. Hotzak direla esaten dute, baina herriak txikiak dira eta familia giroa espero dut».