Irati Goikoetxea Asurabarrena (Ordiziako Irakurle Taldearen dinamizatzailea)
Adituren bati entzun nion behin ezagutzen ez dugunak beldurra sortzen duela oharkabean, ezagutzen ez dugunak ez digula ausartak izaten uzten; ezagutzen ez dugunak jakiteko mina eragiten duela. Bai, aditu hark hori azpimarratu nahi izan zuen bereziki, ezagutzen ez dugunak jakiteko mina eragiten duela eta jakinmina beste zerbait dela, beste zerbait guztiz ezberdina. Jakiteko minak bi pauso atzera emanarazten dizkigu; jakinminak bat aurrera. Bistan da ezberdinak direla, atzera-aurrerako dantzak erdian harrapatzen bagaitu, bai behintzat.
Irailaren 25ekoa kontatuko dizuet; orduan irria, gaur irria eta tartean zer pentsatua sortu didana. Asteazkenez, arratsaldeko zazpietan, Ordiziako Barrena Jauregian elkartu ginen bederatzi lagun. Asmoa: hirugarren urtez jarraian Ordiziako Irakurle Taldea martxan jartzea. Gogotsu, ikasturte berrirako liburu zerrenda poltsikoan, Juan Kruz Igerabideren «Hauts bihurtu zineten» banatzeko liburuak besapean, ilusioz inguratu nintzen ni neu, ekainean zintzilik utzitako ipuinari jarraipena ematera.
Elkarri udan irakurritakoak kontatzen ari ginen, elkarrekin ikasturte berrirako asmoak partekatzen ari ginen, irrika eta zirika ari ginen bertaratutako batek esan zuenean: «Hi Irati, serio demonio azaldu gaitun egunkarian argitaratutako argazkian; lagun batek esan zidan sekta baten itxura hartzen diola irakurle taldearen kontu honi».
Irri egin genuen denok; zer bestela. «Eta zer gehiago esan dik?» nik. «Hura ez datorrela, beldurra ematen diola». Irri egin nuen momentuan, jakiteko mina sentitu nuen gero eta gaur jakinminez nago. Aipamen hori egin zuena datorren abenduaren 18an arratsaldeko zazpietan Ordiziako Barrena Jauregira inguratuko balitz zer moduz sentituko litzatekeen jakinminez. Horregatik ausartu naiz hitzok idaztera, pauso bat aurrera ematera, jakiteko minez nengoenean atzera egin nuen neurri berean, orain zu gonbidatzen ausartu nahi dudalako.
Sekta bat; Euskal Hiztegi Modernoak dio doktrina berbera jarraitzen duen pertsona multzoa dela sekta bat. Erakunde edo elkarte sekretu eta itxia dela dio bere hirugarren adierak. Eta nik esan nahi nizuke doktrina (filosofiko, ideologiko, sentimenduzko, jakintzazko…) oso-oso ezberdinak jarraitzen dituzten pertsonez osatutako multzoa dela irakurketaren aitzakian elkartzen dena; askatasun osoz sentimendu, emozio, pasarte, anekdota, ideia, jakintza eta ilusioak besteekin partekatzeko aukera ematen duena. Esan nahi nizuke itxitik ez duela ezer, bertso-eskolara eta musika eskolara doazen gaztetxoen hizketa hotsak ez entzuteko soilik ixten dugula atea eta sekretuak elkarri kontatzen dizkiogun unera arte bakarrik izaten direla sekretu; jakinminez, eta ez jakiteko minez, hartzen ditugula liburu berriak esku artean, ausart aztarrikatzen ditugula euskal idazleek kontatu nahi eta lerro arteko isiltasunetan oihukatzen dizkigutenak, eta aldi berean biluzten eta janzten ikasi dugun sentsazioarekin itzultzen garela etxera hurrengo saiorako hitzordua jarrita.
Abenduaren 18an 19:00etan elkartuko gara berriro. Fikzioaren izterrei egingo diegu haginka, eta jakinminez poltsikoratuko dugu Leire Bilbaoren azken poema liburua. Poesiari helduko diogu lehenengoz. Baina, ez digu beldurrik ematen, jakinminez jokatzen ikasi dugulako. Jakinminez, eta ez jakiteko minez. Ez dago esan beharrik, zu ere gonbidatuta zaude; ateak zabalik izango dituzu, sekretuak ere bai.