Mikel Alvarez
Aspaldiko partez pasa den larunbatean parranda latz horietako bat egin ostean eta oraindik, ezagutzen ez nituen gihar, hezur, zelula eta neuronetan mina sentitzen dudan une honetan ere, 16 urte genituenean zer sentitu eta pentsatzen genuen gogoratu dezakedala uste dut. Nahiz eta, ez dudan iraganeko ni hura oso ondo ulertzen. El puto rey del mambo-tzat genuen gure burua orduan, eta gaur egungo gazteek berdina pentsatzen dutela ondorioztatu dezaket.
Nerabetasunak eskaintzen dituen superbotere horien ondorioz, ez genion inori jaramonik egiten eta autoritateari ihes eta kontra egiten genion, ihes eta kontra egitearen plazer hutsagatik. Egoera honetan eta errealitate horretaz kontziente, Beasaingo Udalak, gazteei begira, droga eta teknologien inguruan martxan jarri duten ekimenaren berri izan dut.
Hausnarketa egoki eta ondorio zuzen bati erantzuten dion ekimena zalantzarik gabe, baina eragin gutxi izango duelakoan nago. Gazteez gogoratzen garen gutxietan, zer eta nola egin behar duten esateko besterik ez da izaten. Beraien litro festak debekatu edo gazte-lokalen funtzionamendua arautzeko. Ez dut esaten neurri hauek zentzuzko edo egokiak ez direnik, baina lezioa baino, bidea, beraienganako interesean egon beharko litzatekeelakoan nago. Edo ez, nik zer dakit. Oraindik buruko minez naiz…
Jon Artola
Gazteak diozu Mikel? Nori axola zaizkio bada gazteak! Gutxiengoa dira, ez dute bozkatzen… eta zerorri ere biharamuna duzunean soilik gogoratzen zara beraietaz! Kar, kar, kar.
Nik ere izan dut bai ekimen horren berri, eta «gazteen ekarpenak, kezkak eta beharrak jasotzeko» prest dauden heinean (albistetik hartutako hitzak hauek), neurri aproposa deritzot zuk bezalaxe. Beste kontu bat noski, bertako erabakiek izango duten eragina da, gurasoei kasu gutxi egiten zaion adin horretan udalari zenbaterainokoa egingo dioten nik ere garbi ez dudalako. Gogoan dut, halere, guri umetan ikastolara mediku bat eraman zigutenekoa, eta hark droga nahasketak, ikaste garai bete-betean zeuden gure garunetan izango zuen eragin latza deskribatu zigunekoa. Gehienongan efektu berehalakoa izan zuen hitzaldi hark, epe ertainera teoria eta praktikaren arteko pitzadura, zulo bihurtzen joan zen arren, noski. Oraingoan ere berdintsu gertatuko da, baina informazio objektiboa beste erantzunik ez dago arazo hauen aurrean. Norantza bateko fluxua beharrean, elkarlan bihurtu, aipatzen dituzun beste gaietara ere luzatu eta urtean bi ordu soiletara mugatzen ez bada berriz, bejondeiela!
Helduok bitartean ea kafe bizigarria pattar beheratzailearekin ez dela nahastu behar eta mendi ultratrailak baino gauza osasungarriagoak badaudela ikasten dugun.