Urretxun eta Zumarragan musika zaletasun handia dago; Mutamu taldea da horren lekuko. Rock musika bultzatzeko eta rock taldeen interesak defendatzeko sortu zen elkartea. Horrezaz gain, aspalditik entsegu lokal duinak aldarrikatzen ari dira. Mutamuko talde gehienek Sarralden entseatzen dute, Urretxuko Udalak utzitako lokaletan, baina toki hobe bat nahi dute. «Udalak abian jarritako parte hartze prozesuan parte hartzen ari gara eta badirudi Sarraldeko lokalak txukuntzeko asmoa dagoela», azaldu du aipatu du Jon Ayuso Mutamuko kideak.
Euren ustez, erabat beharrezkoa da. «Itoginak daude eta segurtasun falta nabaria da. Edozein tokitatik sar daitezke lapurtzera. Hamaika lokal daude eta erabiltzaile guztiok instrumentuak etxera eramaten ditugu. Beste batzuek, berriz, nahiago dute alokairua ordaindu».
Itxaropentsu ageri da. «Urretxuko Udala asmo onez ari dela uste dugu. Egiten den guztia onerako izango da. Merezi du ahalegina egitea, Urretxun eta Zumarragan zaletasun handia baitago», amaitu du.
Mutamu Eguna
Aldarrikapen eta festa uztartuta, Mutamu Egunaren barruan, urte bukaeran 20 bat kontzertu antolatu zituzten. Rock jaialdia egin zuten gaztetxe ondoan. Motz tabernarekin batera antolatu zuten, eta Urretxuko eta Zumarragako udalen laguntzarekin. «Kanpoko taldeak ere ekarri genituen, jende gehiago erakartzeko».