Segura eta Zegama artean dagoen Segurako Kortaberria auzoa aitzakia hartuta, ia bederatzi kilometroko ibilbidea osatuko dugu. Luzea dirudien arren, erraz egiten da. Segurako plazatik irten eta Gain Argi auzora abiatuko gara, futbol zelai eta igerileku aldera. Ibilbidearen lehen kilometro parea maldan gora egingo dugu, Santa Barbarako ermita joateko bidean gora.
Horretarako, igerilekuaren atzean dagoen bidegurutzean Pagamuño baserri aldera hartuko dugu. Metro gutxira, bidea bitan banatzen da, eta puntu horretan, harri txikiekin egindako bidea hartu beharko dugu. Berehala egongo gara zuhaitzez inguratuta.
Galbiderik gabe bidean gora jarraitu behar dugu, berriz ere bidegurutze batera iritsi arte –azken asteetako eguraldiarekin, lokatza eta zuhaitzen bat edo beste ere badago lurrean–. Bidegurutzean aurrera eginda Santa Barbara ermitara joaten da, baina guk beheranzko bidea hartuko dugu. Metro gutxira, argi indar zutoin handien albotik, bista ederrak daude Segura eta Zerain aldera, eta ehizerako postu bat ere bai zuhaitz artean ezkutatua.
Gainontzekoa behera
Lehen kilometroa parea gora egin ondoren, hemendik aurrera eta bidegorrira iritsi arte, maldan behera egingo dugu bidea. Bide guztia zuhaitz artean egiten da, eta tartean tartean Aizkorri eta inguruko mendiak ere ikusten dira. Naturaz gozatuz egingo dugu aurrera, txorien kantua eta errekatxoetako uraren soinua lagun.
Beste bi kilometro pasatxo egin beharko ditugu Kortaberria auzoko lehen etxeak goikaldetik ikusi aurretik –ikusi bigarren argazkia–. Pare bat baserriren ondotik igarota amaituko da mendi pista, eta berriz ere asfaltoarekin egingo dugu topo.
Bertan hasten da Kortaberriatik behera joateko errepidea. Auzoko igerileku ondotik igaroko gara, eta auzoan behera eginda, txoko eder ugari ikusiko ditugu. Errepideko kurba denak jaitsita, Segura eta Zegama arteko bidegorrira iritsiko gara, Hirubide etxearen ondora. Segurara arte, bidegorriko bide lauan egingo dugu aurrera, erreka bazterretik. Plazara iritsita amaituko da Kortaberriko buelta.